argia.eus
INPRIMATU
«ASKI DA!» KALEAN
2000ko otsailaren 27a

«ASKI DA!» KALEAN

Milaka pertsona bildu zen Donostian «Aski da!» plataformak deitutako manifestazioan, komunikabideetako lerro eta uhin artean, kaleko deialdietan baino hobeto moldatzen direla erakutsiz. Nekez argudia daiteke beldurrak eragozi zuela garai bateko Bakearen Aldeko Koordinakundeak (BAK) deitutako manifestazio jendetsu haien tankerakoa egitea. Horixe izan da, hain zuzen, plataforma honen sektarismoaren adierazgarri nagusienetakoa, BAK gisako talde batek deialdiarekin bat ez egin izana. Egia da PP eta PSOEko zenbait jendek beldurra sentitzen duela, herri honetako beste sektore askok sentizen duen moduan; «Aski da!» plataformak ukatzen duen gatazkaren ondorio agerikoak dira. Donostiako Larunbateko manifestazioan ez zen beldurrik somatzen; Iruñean astero poliziaz inguraturik manifestazioak edo bilkurak egin dituztenek, aldiz, aski arrazoi dute beldurra zer den jakiteko.


DERGI: HIL ALA BIZIKOAN

JADANIK 60 eguneko gose grebara hurbildu da, Parisko Fresnesko espetxean dagoen Daniel Dergi presoa. Hil ala biziko egoeran dago zenbait muga pasatzen duen pertsona, eta Dergik pasatu du berea. Harrigarriena, 54 egun zirenean bederen presoak bere ziegan jarraitzen zuela. Frantziako espetxeen krudelkeriaz idatzi izan dugu aldizkari honetan, eta oraintsu ere hexagonoko espetxeen egoera tamalgarria agertu duten informazio ugari agertu berri da. Giza eskubideen sehaskatzat hartzen dena, ankerkeriaren eredu besterik ezin da izan Dergi moduko gose grebalaria ziegan mantentzen duenean. Ez da harritzekoa, dena den, aurreko gose grebalari zenbaitekin erakutsi duen jarrera ikusita. Bestalde, 57 eguneko gose greba egin ondoren, Josetxo Arizkureni osasun ondorio latzak geratu zaizkio, nerbio sistema autonomoen disfuntzioa, hesteetako arazoak eta ikusmenaren galera, besteak beste.


BAKE MAHAIAREN ALDE

Euskal Herriko alderdi gehienek, Euskal Herrian bizi den gatazka elkarrizketaren bidez konpondu beharra azpimarratu berri dute Iruñean eta Bilbon egindako bi mahaingurutan. Nabardurekin, baina EAJ, EH, PSE-EE, EA eta IUko ordezkariak alderdien arteko mahai baten alde agertu ziren; Nafarroan antzerako ondoriora iritsi ziren beste mahainguru batean parte hartu zuten IU, EH, CDN, EA eta EAJko ordezkariak; UPN eta PSNk ez zuten parte hartu ekitaldian. Mahainguru biak Elkarrik antolatu ditu, gatazkaren aurrean gizarteari eta alderdiei erantzunak eskatuz egiten ari den kanpainaren barruan.


PEROTEREN `BESARKADA'

JUAN Alberto Perote, Cesid-eko operazio buru ohiak hartzaren besarkada eman zien Galindo eta enparauei iragan astean «Lasa-Zabala auzia»ren epaiketan emandako testigantzarekin: Galindo generalak GALen aurretikoak nola prestatu zituen azaldu zituen zenbait agiriren bidez, besteak beste, GALen sorreraren originala aurkeztuz. Enrike Rodrigez Galindok, Julen Elgorriagak, Rafael Verak eta Jorge Argotek 1997an egindako presioen berri ere eman zuen, beren goi mailako karguek jakin barik, akusatuek ezin izango zutela ezer egin adieraziz.