argia.eus
INPRIMATU
UPEL GARBIA SAGARDO ONAREN GARANTIA
  • herdoilgaitzen abantailak eta desabantailak aipatuko ditugu. Upelak garbitzea ere ez zaigu ahaztu. X. mendera ere jauzi egin dugu sagarraren lehen erreferentzien bila.
2000ko otsailaren 20a
Gerria okertu, jarri basoa parean eta zorrotada barrura. Upeletik edalontzirako bideak ez du misterio handirik. Upela baldintza hoberenetan ez badago ordea, sagardoaren xarma hondamendira doa.
Upelen garbiketa adibidez, oinarrizkoa da. Ontziak ez baditugu garbitzen, muztioarekin egingo dugun sagardoa zoritxarreko ernamuinaz kutsatua suerta daiteke. Upel herdoilgaitzak erabiltzen baditugu, ez dugu garbiketa berezirik egin beharko. Merkatuko edozein garbigarri –garbigarri guztiek mikro-bizitza hiltzen dute, dena den merkatuan herdoilgaitzak diren upelentzako xaboi berezia badago– erabil daiteke.
Azken hauek lan handirik ematen ez badute ere, garai bateko upelekin, egurrezkoekin, alegia, ez da gauza bera gertatzen. Egurrezkoetan arreta berezia jarri behar da garbiketarako orduan.


UPEL BERRIA.

Egurrak gehiegizko erretxina eta polifenolak izaten ditu eta horiek sagardoari zaporea ematen diote. Komenigarria da merkatuan dauden produktu bereziak erabiltzea horiek gutxitzeko.


UPEL ZAHARRA.

Komenigarria da metabisulfito potasikoa (honek ura usteldu gabe mantentzen baitu) nahastuta duen urarekin betetzea. Horrela, egurra puztu egingo da, honekin batera, barruko hormak urratzea ondo legoke.


UPELAREN EDUKIA GAIXO EGON DENEAN.

Hurrengo urtean antzeko emaitzarik izan nahi ez badugu upelak dituen legamiak desagerrarazi beharko ditugu. Horretarako merkatuan badaude garbigarri bereziak. Orain dela gutxi arte kaustika-sosa erabiltzen zen, % 2 uretan nahastuta. Orain ura soilik erabiltzen da garbiketa sakona egiteko eta ondoren, sulfitodun uraz desinfektatzen da upela.


EGURREAN ONDDOAK DITUEN UPELA.

Usain txarra ematen diote sagardoari. Desagerrarazteko soldagailu bat erabiliz onddo-gune hori erre arte aritu behar da. Gero urratu eta ondo garbitu.


USAIN TXARREKO UPELA.

Usain txarra aurreko hartzidura okerra izan delako edota onddoak daudelako izan daiteke. Kasu bakoitzean dagozkion neurriak hartuko dira. Usain txarrak jarraitzen badu, klorodun produkturen bat erabiltzen da (lisiba adibidez). Askatutako kloroak usain txarra baztertuko du. Gero ondo ureztatu eta garbitu behar da.
Orokorrean, upelak hustu ondoren garbitu behar dira. Ondo garbitu eta mehetu ondoren, ernamuinak ez daitezen atera, komenigarria da antzua den atmosfera bat sortzea. Hori azufrea (2 g./Hl.) errez lortzen da. Prozesu hau bi edo hiru hilabete barru errepikatu egin behar da. Antzina, garbiketa egin ondoren, kare bizia sartzen zen upela antzutzeko. Kareak zuzenean egurrarekin kontaktuan egon behar zuen, bestela ez baitzuen eraginik izaten. Kontu handiz garbitu beraz upelak, upel garbiak sagardo ona egiten lagunduko digu-eta

Euskaldun sagardozaleak zoratuta eta madarikatuta

Textos arcaicos vascos» liburuan Luis Mitxelenak dioenaren arabera, sagar edo sagarrondoei buruzko lehen idazkiak X. mendearen ondorengoak dira. Orain arte aurkitutako zitarik zaharrena 1014ko apirilaren 17an idatzitako euskal sagarrondoei buruzkoa da. Nafarroako Antso Handiaren diploma bat da eta Leireko Monastegiari dohaintza bat egiten zaio. Honakoa irakur daiteke (gaztelerazkoaren itzulpena): «Eman eta eskaintzen dugu Hernaniko barrutian, itsas-ertzean, San Sebastian deitutako monastegi bat, bere lurrekin, sagarrondoekin, itsasuntziekin...». X. mendean jada sagardoa egiteko sagarrondoak lantzen ziren seinalea.
Santiago bideetako batek, –Frantziatik zetozen bidaiariek heltzen zioten bide honi– Landak eta Pirinioak gurutzatu eta Ibañetako gainetik Orreagako bidetik jarraitzen zuen. Bidaiariek idatzita utzi zuten eremu hauek gurutzatzerakoan izan zituzten sentipenak, sagardoari eta sagarrondoei erreferentzia eginez. Aymeric Picaud-ek 1134 urte inguruan Santiagoko bidaiariaren gida idatzi zuen. Gida horretan esaten duenaren arabera, XII. mendean, Landetatik igarotzerakoan hondamena eta antzutasuna nabari zituen. Lurra laua zen eta hondartsua. Ogi, ardo, haragi eta arrain gabezia zegoen. Daxera eta Bordelera iritsita oparotasuna nagusi zela ohartu zen, ardoa eta ogia nahikoa zegoen. Baina Euskal Herrian sartu zenean ikusi zuenaren arabera, biztanleen ohitura basatien artean, beraien hizkuntza ulertezina omen zen garrantzitsuena. Herrialdea baso itxiz eta mendi altuz josita zegoen eta ez omen ziren existitzen ez ogi, ez ardo, ezta bestelako elikagaiak ere. Hori bai, esnea, sagarrak eta sagardoa ez ziren falta.
1609an, Bordeleko parlamentuak bidalita, Euskal Herrira Pierre de Lancre izeneko pertsonaia arraro bat iritsi zen. Honek inkisitzaile gisa ehundaka lagun kondenatu zuen heriotzera. De Lancrek euskaldunak madarikatu eta bekatari bezala deskribatzen ditu, Jainkoarengandik urrun bizi direnak. Adan galbidean jarri zuena sagarra izan zela zioen eta bere sinesmenen arabera sagarra bekatuaren parekoa zen. Sagardoa sagarretik ateratakoa zenez, eta euskaldunentzat esklusiboa zenez, euskaldunak zoratuta eta madarikatuta zeuden