Michael Menaker biologo iparramerikarrak esan zuen txandaka lan egiteak, bizi-ordutegietan etengabe aldaketak edukiz, eragin larriak ekar ditzakeela osasunarentzat. Menaker Charlottesville-ko Center for Biological Timing erakundekoa da (erritmo zirkadianoak eta erloju biologikoak aztertzera jarria dagoen erakundea) eta baita Virginiako Unibertsitateko irakaslea ere. Berak adierazitakoaren arabera, eragin kaltegarriak askotarikoak izan daitezke: loaldi alterazioetatik hasi, eta aditasun edo arreta falta, estresa edo digestio arazoetaraino.
Izaki bizidun guztiek, bakterioetatik gizakietaraino, erloju biologikoak dauzkate: beren zeluletako mekanismo horiek denbora erreala kontrolatzen dute, eta horrela, kanpoko munduarekin sinkronizatuak egon daitezke.
Zientzialariaren arabera, txandaka lan egiteak aldaketa bakoitzean erloju biologikoa birsinkronizatzera behartzen ditu langileak. Aldaketa horren ondorioz, hurrengo astean beren gorputzaren funtzionamendua ez da normal egiten. Hurrengo astean berriro ere txanda aldatzen badu...
Virginiako Unibertsitateko ikerlariak esan zuenez, lo egiteko eta esna egoteko gizakiek tenperatura eta presio arterialeko erritmo desberdinak dituzte, eta guztiek modu desberdinean egiten dituzte aldaketak, ez aldi berean. Horrela, ordutegi aldaketa bat egiten den bitartean, gorputzaren barne sinkronia galdu egiten da