Xabier Amurizak honela zioen telebistari buruz «Gara»n:
«Telebisioa asti-orduen zabortegi izatea da, antza, eskari modernoa. Lehengo batean zappingak Amatiño eta Laura Mintegi agertu zizkidan «Sorginen laratza»n eta geratu egin nintzen. Amatiño intelektual kontrazaleen jarrera barregarri uzten saiatu zen. Zerbait ez bada, Amatiño behintzat argi dago ez dela intelektuala. Edukazioa ere tamainan, ez baitzion uzten Laurari bi hitz jarraian esaten. (...) Hezkuntza, kultura eta gainerako helburu sublimeetarako hor ei dagoz eskolak, liburuak, antzokiak eta abar. Baina zaborrak ere norbaitek bildu behar ditu, ezta? (...) Espainolez, frantsesez, ingelesez, zabor-telebisioek ez dute, esaterako, hizkuntza hainbeste alteratzen. (...) Amatiñok esango du euskalgintzarako ere hor dagozela Euskaltzaindia, ikastolak, euskaltegiak eta abar, baina gure zabortegi honetan Euskaltzaindiak urte osoan egiten duena baino gehiago desegiten du Klaudio Landak astebetean. (...) Ez naiz, berak zioenez, telebisioa ikusten dutela aitortzeko lotsa diren intelektual horietakoa. Ikusten dut, (...). Nire jatorrizko kultura ruralean satsa edo simaurra ondasun preziatua zen, baina ez dut uste simaurra eta zaborra sinonimoak zirenik, bata maite bezain bestea higuin baikenuen (...)».