argia.eus
INPRIMATU
EUSKAL PILOTAREN SEHASKA
SUAK ERE HARTU ZITUEN
Mikel Bringas 2021eko uztailaren 27a
Donostiako pilotaleku zaharren bildumari, artikulu honekin amaiera emango diot. Oraingo honetan, Beti Jai, Moderno, Urumea eta Gros pilotalekuen historiari erreparatuko diogu.


BETI-JAI.

Rompeolas izena daraman tokian zegoen (geroago Príncipe antzokia izan zena). 1893ko ekainaren 22an inauguratua izan zen punta-boleako jaialdi batekin. Hogei urte beranduago, erre egin zen.


MODERNO.

Atotxako pilotalekutik oso gertu zegoen. 1905eko urtarrilaren 1ean zabaldu zituen ateak honako partidarekin: Urcelay eta Azkoitiako Txikitoa, Tacolo eta Baltasarren aurka. Goian, ezkerraldeko argazkian ikusten den bezala, eskuhuskako partidak jokatzen ziren hasieran, baina berehala erremonteak hartu zuen txanda. 1933ko martxoaren 3an, Atano II.a eta III.a, Echave IV.a eta Urcelayren aurkako partida bukatzear zegoenean, bat-batean sutea piztu zen. Gertaera honen lekukoa izan zen Miguel Pelay Orozcok «Pelota, Pelotari, Frontón» liburuan ederki kontatzen digu.


URUMEA.

1936ko uztailaren 17an Isidoro, Erdoza, Arnedillo eta Martín puntisten emanaldiarekin hasiera eman zitzaion. Bere neurriak hauexek ziren: Luzeran 54.20m, kantxaren zabalera 10.50m, frontisaren altuera 11m. Bertan 980 ikuslerentzako tokia bazen. Ramón María Lilí kalean zegoen.


GROS.

1938ko maiatzaren 24an egin zen ate-irekitzea. Lau urte beranduago, buruz buruko profesionalen arteko txapelketaren lehendabiziko finala pilotaleku honetan jokatu zen. Atano III.a Iraetako Txikitoaren aurka. Gaur egun Colon pasealekua izena daraman kalean zegoen. Pilotaleku txikia zen: 34 metrokoa luzeran eta 9.70 metrokoa zabaleran. Raketistak ere, pilotaleku honetan aritu ziren