argia.eus
INPRIMATU
SETIEN ETA NI
Jose Ignazio Ansorena 2000ko otsailaren 20a
Badakit izenpuru handinahi samarra idatzi dudala. Baina TVE-k eman zidan puntua. «Telediario»n eta «Informe Semanal»en On Jose Maria Setien gotzainaren dimisioaz aritzeko ni berarekin agertzen naizen irudi batzuk aukeratu baitzituen. Gotzain egin zuteneko hogeita bosgarren urteurrenean izan zen. Elizbarrutiko apaizekin meza ospatu zuten Donostiako Apaizgaitegian eta irteeran, bertako erretoreak hitz batzuk esan zituen, Juan Mari Lekuonak bertso batzuk abestu, eta nik txistu-danbolina jo. Horretarako gonbitea bezperan edo bi egun lehenago egin zidaten: beste batek huts egin zuela azkeneko orduan eta joango ote nintzen. Batzuk esaten dutenez,

bigarren platera
nintzen. Nik berehala baietz.

Postrea
edo bazkalondoko

poleo-menta
izanda ere, luxuzko eskaintza eta ohorea iruditu zitzaidalako. Eta, bestetik, nire erresuma pertsonaleko Konstituzioan aspalditxotik artikulu hau jarri nuelako: «

Adiskideentzako jarrera: si tú me dices ven, lo dejo todo
».

Belatzarena
jo nuen egun hartan, euskal artzainek zerura begira jarririk eta belatzen hegaldia imitatuz ahoz ziztukatzen zituzten doinu librez osatua. Bera ere artzaina izanik, maiz begiratzen duelako zerura eta han igarritakoa transmititu nahi izan digulako ardiak baino memelagoak garenoi. Disko batzuk eta neuk prestatutako pailazo sudur gorri bat erregalatu nizkion. Gutxik hartu duten oparia. Ondoren, besarkada eman eta horixe omen da –nik ez baititut ikusi– TVE-k azaldu dituen irudien unea.

ADISKIDE
dudala esan dut. Ez dut esan nahi egunero elkarrekin ibiltzen garenik ezta gutxiagorik ere. Adiskide zentzu etimologikoan batez ere:

adimen kide
, alegia. Kristau fedean eta bestelakoetan kide. Irakurri dizkiot argitara emandako hainbat dokumentu: pastoral batzuk bereziki. Eta, ariketa intelektual gisan, akatsik ere bilatu nahi izan diot. Hutsa. Batik bat sermoi mordoa entzutea egokitu zait. Gure danbolintero eginkizunean, urtean hainbat aldiz (San Sebastian, Aste Nagusia, Koruko Ama Birjina...) Udal Korporazioari Meza Nagusira laguntzea izaten da, besteak beste. Eta gehienetan han izan da On Jose Maria sermoilari. Horietan akatsa aurkitu izan diot: luze-luzeak beti. Eta insomniodun elefanteak lotaratzeko esakera monotono neutroaz irakurriak.
Behin, San Sebastian egun batean, ni eta beste lagun bat Udaletxera gindoazen danbolintero gala arropak janztera eta bera topatu genuen Kale Nagusitik Santa Maria aldera bakar-bakarrik zihoala. Atseginez geratu ginen hirurok hizketan eta nik zirikatzaile:

-Prestatu al duzu gaurko sermoia?
-Zer ba? Luzeak izaten al dira?
(Ez ulertuarena egiten)

-Oso.
-Zenbatean utzi behar ditut ba?
-Erdiaren erdia nahikoa dugu.
Han joan zen barrezka eta nire laguna apur bat lotsatuta geratu zen nire atrebentziarekin. Ni lotsatuagoa sermoia entzundakoan. Alferrikako ahalegina nirea: betiko neurri juxtua. Ohitura bat omen du. Sermoiak eskuz idazten ditu eta beti orrialde kopuru berbera eta letra tamaina berberaz. Ez dakit zenbat orrialde. Asko.

EUSKAL
Telebistan «Sikofonia» programa aurkeztu nuen 1998-99 ikasturtean. Bertara On Jose Maria gonbidatu etortzea lortu genuen. Hura prestatutakoan xehe-mehe ikusi ahal izan genuen benetan zenbat eta nolako astakeriak esan dizkioten espainiar hedabideetan. Maltzurkeriaren lege nagusi hau gure gotzainarekin bete zela sentitu genuen: esan duenaren kontra ezer esaterik ez badago, esan ez duena esan duela esaten da. Eta badirudi ez duela asmatu hedabideekin konektatzen. Nahi ez duenarekin ezinezkoa izaten da.
San Sebastian eguneko Meza Nagusia, Santa Marian On Jose Mariak emana, donostiar askori ez zaigu ahaztuko. Hango emozioa eta isiltasuna. Sermoia ia laburra iruditu zitzaidan. Eta gogora etorri Pablo Sorozabalek bere familiaren giroaz eta euskal izaeraz idatzi zuena: «

poca efusión y profundo cariño
». Nire ustez, horixe sentituko zuen honez gero On Jose Mariak, dimisioa aurkeztu ondoren. Baina, oraindik sentitu ez badu, otsailaren 19an, Katedralean, bere agurraren mezan izango naiz, beste asko bezala, berriro gogorarazteko. Azken sermoi horretan San Pauloren hitzok gogorazi zituen: «

Ez zaitzala gaitzak menpera; baizik eta menpera ezazu gaitza on eginez
» (

Erromatarrei, 12, 21
). Ongi joan, Setien gotzaina!