G
aur arte erabili izan dute ikasleek Francho Nagorek 1977an kaleratu zuen «Gramatika», bosgarren edizio berritua batez ere. Egun Huescako Magisteritza Eskolan –Zaragozako Unibertsitatekoa– eskolak ematen ditu.
Gobernu aldaketa egon da Aragoiko Diputazioan azken hauteskundeen ondorioz. Aragoera hizkuntzarentzat aurrerapausorik ekarriko al du aldaketa honek?
Itxaropena behintzat badaukagu. PSOEko Marcelino Iglesias da orain lehendakari, Aragoiko Alderdi Erregionalistaren –PARen– laguntzaz, eta hasieran ele eder anitz izan dira. Orain ele horiek betetzea da kontua, lehen ere PP-PAR gobernua egon zelarik entzun baikenituen. Baina tira, Iglesias Ribagorzakoa da, katalan hiztuna eta hasieran behintzat sentsibilitate berezia agertu du.
Zeintzuk dira epe laburrean dituzuen erronkak?
Hezkuntza sailekoekin izandako lan bileretan adibidez, jarrera positiboagoa sumatu dugu. Aurtengo ikasturtean zaila bada ere, datorren urterako irakasleen egoera erregularizatzeko xedea daukate. Iaztik hezkuntza eskumena dauka Aragoiko Diputazioak eta orain arte Madril, Aragoi eta udalen artean egon den nahastea konpondu beharko luke. Katalanezko 30 irakasle izan dira orain arte eta aragoerazko lau. Lehenengoen egoerari begira pentsatu dute neurria, baina guri dagokigunean ere arduratuko direla espero dugu, lana duintzeko une ezin hobea da behintzat. Eskoletan aragoera ikasgaia emateko xedea azaldu digute Hezkuntza sailekoek, eta oso aitzina begira bestelako ikasgairen bat aragoeraz ematekoa ere bai.
Gainontzean, zein egoera juridiko dauka aragoerak?
Hizkuntzen legea ere laster egingo dutela uste dugu. Aurreko agintaldian txostena prestatzeko eskatu zioten talde bati, neroni barne, eta hor dago abiapuntu gisa hartu nahi badute. Ez dut uste dagoen moduan onartuko dutenik, baina zerbait behetik jota egin arren, izanen lukete PSOE, PAR eta CHAren babesa. Gertatzen dena da, legea garatzeko borondaterik gabe alferrikakoa dela eta horretarako, diruz hornitu behar da. Hor dugu duela laupabost urteko adibidea. PPk egin zuen aragoeraren eskualdea mugatzeko legea eta hor dago geldi. Hortaz, onartu ondoren bideratu egin behar da eta ekonomikoki lagundu.
Horretarako onuragarria litzateke aragoeraren elkarte aholkuemaileren bat sortzea. Katalanaren kasuan argi dago Institut d'Estudis Catalansek izan behar duela, ia denak ados daude horretan, Ribagorzan Valentzian daudenen antzeko erregionalista batzuk aurka egon arren. Baina aragoerarenean nork egin behar du lan hori administrazioaren aitzinean? Guk, Conselloak, egin genezake, baina badaude sentsibilitate guztiak ez lituzkeela bilduko diotenak, guk Aragoi osoan baina, batez ere, aragoera mintzo den eskualdean egiten baitugu lan eta Zaragozan Ligallo edo Nogara bezalako taldeak daude, edo irakasleen APLA elkartea, eta beharbada denak biltzen gaituen erakunde berria beharko litzateke. Baina hori bai, elkarrekin joan beharra oso garrantzitsua da. Administrazioak, hain gutxi izanik eta elkarrekin haserre eta batasunik gabe ikusten bagaitu, jai daukagu. Zentzuz jokatzea nahitanahiezkoa da eta bakoitzaren protagonismo xedeak bazterrean utzi behar ditugu.
Zaragozako unibertsitateko irakaslea ere bazara. Zein da giro horretan dagoen jarrera?
Ikaragarria da, hemen baititugu etsairik handienak. Ni Filologia Hispanikoko departamenduan nago eta % 90 aurka ditut. Beraien iritziz, aragoera hizkera lokalak baino ez dira, Erdi Aroko aragoeraren arrastoak, eta ondorioz, ikertzea eta gordetzea baino ez dute nahi. Irakaskuntzaz, arautzeaz, ofizialtzeaz eta abarretaz ez dute deus entzun nahi