argia.eus
INPRIMATU
GASTEIZKO HONDARTZA GORRIA
2021eko uztailaren 19a
Gasteiz hiri tradizional eta kontserbadorea dugu. Hori da bederen, nagusitu den irudia. Baina jakina denez, batak bestea dakar askotan. Eta Hala Bedi, 1983an sortu zenez geroz, «karka» ez direnen erreferentzia bilakatu da, entzule fidel samarra erakarriz. Hain zuzen, Gasteizek alderdi «kañeroa» izan du beti; prozesio ateoak, festa alternatiboak edo Gasteiz autonomoa direla.

«Gu hasi ginenean ez bezala, orain kontserbadoreak findu egin dira. Hori kontuan hartuta, azken aldian profesionalagoak gara nolabait esatearren, dial kutsatuan argi izpi batzuk helarazteko, umorea eta ironia erabiliz, gainera»
diosku Migel Angel Hernandez kideak. Informatiboak, «Suelta la olla» goizeko magazina, eta «Bagazina» arratsaldekoa emisioen ardatz izanik, programazioa indartzen joatea dute helburu nagusi. «

Duela gutxi topaketa batzuetan egon gara. Bertan ondorioztatu dugunez, irrati libreen betiko ereduari uko egiten ez badiogu ere, bi moldeak uztartuko dira; batetik, puzzlean egindako programazioa, saio bat taxuz egin nahi duen edozeinek burutu dezakeena, eta bestetik, kolektiboek jarraipen batekin aurrera ateratzen dutena, programazioa nahaspiloa bihur ez dadin»
. Aurrera begira, gaueko magazin bat abiarazteko asmoa dute:

«Zerbait ludikoa bezain sentsuala. Hori finkatzeko baina, eztabaidatzen ari gara norbait liberatua hartu beharko ote dugun»
.
Hala Bedik 2 milioi pezeta inguruko (8.000 libera) aurrekontua izaten du urte osorako, 160 bat bazkideen kuotek osatzen dutena, hilero 1.000 pezeta (40 libera) inguru emanez. Gainerakoa, txoznak jarriz eta milaka kamiseta salduz lortzen da. Euskararen presentzia azkenik, %25-30ekoa da, arratsaldeko «Bagazina» euskara hutsean egiten da eta beste hainbat elebitan.

«Hirian euskararen batez besteko ezagutza baino handiagoa, alegia» JOSEBA OLALDE