Zinemak ahotsik ez zuen garaian, soinuaren monopolioa zeukan irratiak. Telebista sortu zenean, batzuk hil ezkilak jotzen hasi ziren irratiarentzat. Eta orain, Interneten aroan gaudela, sareak ez du irratiko izarra hiltzea lortu, bat-batekoa, unibertsala eta soinuduna baita. Baina zer dakigu entzuleei buruz? Horren kariaz, EHUko Gizarte eta Komunikazio Zientzietako Fakultateko talde batek, Pedro Barea irakaslea buru duela, jendeak irratia entzuteko dituen ohiturak aztertu ditu, Informazio Zientzietako ikasleen artean bereziki (18 eta 23 urte artekoak).
Halaxe, %49k saio bat edukiarengatik entzuten du, %12k emisorarengatik, %11k ohiturak bultzatuta eta %10k ostera, esatariak erakarrita. Gauez gehiago hautatzen da edukia, eta egunez berriz, %55k emisora finko bat atxikitzen du. Zerbait egiten ari den bitartean entzuten du gainera, tertulia bat dela, irrati formula dela, eta abar. Era berean, konturatu gabe entzuten dugu irratia, autoaren motorra abiarazteaz bat, irratia ipini, atea ireki edo gelako argia pizteaz batera, edota iratzargailu gisa erabiliz.
Zenbat denboraz entzuten den, emankizun baten interesaren edo esatariaren liluraren baitan dago. Horrela, Radio Euskadiko «La jungla sonora» eta «Los amores de Ana», SER kateko «El larguero» eta «Hablar por hablar» dira saio kuttunenak. Hedabide sinesgarriena dela diote, hobeki informatzen duela. Halaber, berri bat fidagarriagoa gertatzen da gizonezko batek irakurtzen badu. Kirol informazioa ere nahiago izaten dute gizonezkoek ematea.
Irratiarekiko menpekotasuna bestalde, ez dago gaizki ikusia, telebistarekikoa ez bezala. Ez du kontzientzia txarrik sorrarazten. Hizkuntzari dagokionez, %17k dio euskarazko emisorak entzun ohi dituela, %7k maiz, eta %27k batzuetan. Ia inoiz ez %17k eta %26k sekula ez