argia.eus
INPRIMATU
BIZKAIERA SUSTATZEKO EKIMENAK
2021eko uztailaren 21a

BIZKAIERA SUSTATZEKO EKIMENAK

Bizkaiko Foru Aldundiak euskararen alorreko aurrekontua gehitu egingo du legegintzaldi honetan. Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia bere eginez, herrialdean euskaraz bizi nahi duten herritarrei horretarako aukerak bermatzeko behar diren neurriak erabaki eta bultzatuko ditu. Honekin batera, bizkaiera sustatzeko hainbat ekimen garatuko du Diputazioak. Besteak beste, HABE eta Bizkaia Irratiarekin elkarlanean, euskara ikasten ari diren ikasleei bizkaiera hurreratzeko proiektua jarriko dute abian. Labayrurekin ere jardungo dute lankidetzan, Gotzon Lobera Euskara Sustatzeko zuzendariaren ustez, «hainbat lan baitago egiteko bizkaieraren morfonsintaxia, hiztegigintza eta abarren eremuetan».


LINUX SISTEMA ERAGILEA EUSKARATZEN

Linux ordenadorerako sistema eragilea –Txinan Windowsek baino merkatu gehiago omen du– euskaratzeko lehen urratsak eman ditu Euskal Linux elkarteak. Urte honen amaierarako edo datorrenaren hasierarako gehiengoa euskaratua egongo dela adierazi dute elkarte honetako kideek.


"GAEL-EUSKA 2000"

AEK-k eta Conradh na Gaelige Irlandako erakundeak «Gael-Euska 2000» izeneko egitasmoa garatu asmo dute. Jada abiatua da AEK-ko ordezkaritza bat Irlandara, bertan helduentzako hizkuntz irakaskuntzan dauden arazo eta erronken berri jasotzera. Conradh na Gaelige erakundea 1893an sortu zen eta gaelikoa berreskuratu eta eguneroko bizitzan erabiltzea du helburu. Irlandan, Eskozian, Ingalaterran, EEBBetan, Kanadan eta Australian 250 talde dauzka orotara.


BESTE 106 ERAGILEK "BAI EUSKARARI"

Ipar Euskal Herriko 106 eragile sozial berrik «Bai euskarari» akordioa izenpetuko du datorren otsailaren 25ean. Euskal Konfederazioak izenpetze gehiago biltzea espero du data hori iritsi bitartean.