Naturan biziko liratekeen zatiño bat besterik ez dira bizitzen zuhaitz urbanoak. Basoan ehunen bat urte biziko dena hogeitabost inguru biziko da ingurune erdi urbano batean eta zortzi, asko jota hamar, kale arte urbanizatuenetan. Ameriketan arrakasta jasotzen ari den «
Plantamnesty» elkarteko sortzaileetakoa den Cass Turnbullek dio zuhaitz gehien hiltzen dituen izurritea Homo sapiensa dela. Zure zuhaitza luzaz bizitzea nahi baduzu hiltzeko sei bide erabilien hauek saihestu.
Ureztatzeaz ez ahantzi, batez ere landatu ondorengo bi urteetan eta lehorteetan.
Erreten edo zangarik ez ireki eta ez zamatu edo zanpatu sustraiak zabalduta dituen lur saila. Zuhaitzen sustraiak uste baino meheagoak dira eta airea, ura eta hutsik dauden lursailak behar dituzte.
Landatu berria den zuhaitzari jartzen zaizkion esola eta lokarriekin kontu izan. Bere kaxa eusteko gai denean askatu.
Landatzerakoan ondo aukeratu, handia izango den zuhaitza sekula ez landatu leku txikian. Airea kolonizatzen duten kableen azpialdean kontuz, betirako elbarria izango den zuhaitza landatuko duzu, agian.
Urtez urte, motzean eusteko, zuhaitza mozten baduzu usteldu eta goseak amorratzen bizitzera kondenatzen duzu. Zuhaitza hostaian eraldatzen duena janez bizi dela gogoan hartu.