argia.eus
INPRIMATU
GOLDE BAT ELUR
Pello Zubiria Kamino @pellozubiria 2021eko uztailaren 21a
M

aitasuna helduko da / gorrotoari uztean / zoriona helduko da / gu gaudelarik lurpean
» esan eta sartu zen Joseba Tapia berri bat gure autoan. «

Denok bizi behar dugun / bizitze honen katean / guri zaigu, laguna / tokatu aro zailean
» jarraitu zuen Josebak: sakontasun-kalitate handiko zerbait zetorrela seguru ohartu ginen. «

Bizitze honen katean / bakeak har dezan gaina / galtzaile behar dugu / hori da gure ordaina
». Pentsamendu gogorregia gure buruei (oraingoak baino garai estuagoetan lan puska bat egitea tokatuko zaigun arren herri honetan banatu diren sufrimendu zakukadak gainera erori ez zaizkigunoi) aplikatu ahal izateko, baina urteotan hain ordain latzak pagatzen ari diren lagun askok sinatzeko modukoa.

DISKO
ederra egin du Tapiak, Quebeceko hamalau kantu hartuta. Diskoa... eta urtea. «Apoaren edertasuna» Koldo Izagirrerekin, Amurizarekin bukatu berri duena, eta hau. Baina Quebecekoarekin jauzia egin du, kantagintzarako saltoa. Itsasoaz gaindiko bidaiari etekina ateraz, material onak aukeratu eta etxeratu ditu; eta eskertu diogu horien egileez eskaini digun dokumentazioa. Frantsesetik euskaratzeko enkargua Koldo Izagirre eta Itxaro Bordari eman die; zertarako esan gehiago, emaitzak hor daude eta: hitz indartsuak, matizatuak, neurriratuak, aberatsak.
Lehengaia ere halakoa zuten, itzultzaile-egokitzaileek. «

Mon pays ce n'est pas un pays / cest l'hiver
» hasten den enbor batetik seguru atera daitekeela kapirio sendo bat: «

Herri hau, herri soila baino / negu da
».
Moldaketak egiteko Pascal Gaigne hautatu du Tapiak. Kantautoreen doinuek dituzten egitura mugatuak armonia zoragarriz hornitu, edertu eta jantzi ditu. Gitarra, Pascal beraren gitarra. Bibolina, Minerren behatzetatik Grapelli zaharraren oihartzunak ekarri dizkiguna. Eta Salaberriaren baxua. Puntu. Gehienez ere, akordeoi ttantta batzuk hemen, perkusio pixka bat hor. Ondo diseinatutako arropak ederki exekutatu eta Amasan egoki grabatuak... eta kitto. Inbertsio-emaitza konparazio aldetik, sari bat merezi du.
Pascal maisu bat da, ez da ezezaguna, baina zor genioke hainbat mediokrek duen adinako errekonozimendua bederen. «Salisterrae»ko doinuak entzungo zenituzten irrati bat baino gehiagotan, nork eginak diren jakin gabe. Victor Ericeren «El sol del membrillo»ri eta Antonio Lopezen koadroari egin zizkion musikak ere hor daude, instrumentuak exekutatzeko bezala orkestrarako moldaketak egiteko duen trebeziaren erakusle.
Disko honekin produktu ona eta zerbitzu egokia eskaini dizkigu Joseba Tapiak. Gutxitan jazotzen da prezioa hain gustura pagatzea.
«

Golde bat elur truke / mila kide jin zaizkit / golde bat elur truke / herrian dira galdu / golde bat elur truke / borrokan dira hasi / golde bat elur truke / ahal dugu urkatu...
» Gutaz ere ari da Claude Leveilléeren abesti hau, baina Pascalen moldaketa eta hotsek gure paisajearekin hain zerikusi gutxi duen Quebeceko lautada elurtuetako ikuspegiaren zirrara ekarri digu.
Enbidia eman dit Joseba Tapiaren diskoak, eta agian horregatik kontatzen dizuet hau guztia. Munduan zehar dabiltzan milioika kantuen artetik gustukoenak egokitu eta bere egitea buruan behin baino gehiagotan erabili duen edonork baloratuko du Tapiak asmatu egin duela honako honetan.

DOINU
ederrak sortzea ez dago edonoren esku, eta gure artean ere hainbat eta hainbat kanta kaxkarrek frogatzen digute. Gai handi zein ttikietatik hitz ederrak ateratzea zaila da. Doinu eta hitzak josiz kantu onak egitea are nekezagoa berriz, eta horregatik dira estimagarri hain gutxi entzuten ditugun ugarien artean. Sortzea –pulamentuzko zerbait sortzea– dohaintsu urri batzuen pribilejioa denez, ez izan lotsarik: kopiatu, egokitu, besteri alokairuan hartuta etxean ederragotu.
Zuk sentitu duzun horren antzekoa urruti ere sentitua dute. «

Ez gara inoiz helduko / arraun, arraun / deus ez da mugitzen / behar dugula itzuli / erdia egin eta...
». Zure lagunak izan duen erreakzioa edo hartu duen erabakia, beste urrunagoko hartan ere hartu bide du beste norbaitek. Eta hemen bezala, garesti ordaindu ere. «

Kartzelatik jalgitzean / zure izena galtzean / Bozo galtzaundi / nork zaitu zu bilatuko /nor da zutaz oroituko...
». Edo herritarrengandik urruntzeko izan duzun tentaldi hori, beste horrek ere pasea du, han. «

Noizbait itzultzen naizenerako / erdaldunduta egonen zarete / edo folklore hil-gogortuak / edo urre ametsez
». Orain gehiago ezagutzen dugun Quebecen bezala hemen herri bat daukagu aldagai