Joan Mari Torrealdai honela mintzo zen 1998ko liburugintzaren inguruan «Gara»n:
«(...) Nire hipotesia da hamarkada honetan ale eskaintza ez dela asko gehitu, tirada txikiagoak egiten direlako. Europa osoko fenomenoa da hori. Liburuaren bizitza moztu egin da eta, ondorioz, eskaintza aniztera behartuta daude argitaletxeak. Konbentzituta nago liburuen kontsumoa ez dela handitu, irakurleen zirkulua ez dela zabaldu. Orain hamar urte euskal liburugintzari buruz genituen espektatibak ez dira bete. Ikasketak euskara hutsean egin dituen gazteak ez du gure kultura idatziarekiko batere atxikimendurik. Irakaskuntzak ote du errua? Teknologia berriek? Gure liburuak ote dira hain eskasak? Nire ustetan, promozioak huts egiten du. (...) Guk potentzial izugarria dugu, baina ez da ezer egiten irakurle horiek geureganatzeko. (...) 1998ko 1.458 izenburuak 183 ekoizleren emaitza dira. Jakina, argitaletxe batzuek ehun titulutik gora kaleratu dituzten bitartean, erdiak izenburu bakarra atera dute. Atomizazio honek ez dio mesederik egiten liburugintzari. (...) Urtean kulturaren arlo guztiak landuz berrogeita hamar bat liburu kaleratuko dituen argitaletxe multzoa falta zaigu (...)».