argia.eus
INPRIMATU
KULTURAREN MILAKA AURPEGI
2021eko uztailaren 19a
Betegarri modura eman izan dira beti kultur gaiak; presaka eta korrika, garrantzirik ez balute bezala. Hori konpontzeko, irtenbide originala proposatzen digute «Kultura.com» saioan.

«Goitik etorritako ekimena izan da. Kultura arloak hutsune bat zuela nabarituta, zerbait zehatza egiteko ardura eman zidaten»
azaltzen digu Joseba Martinek. Bere ibilbidea «La jungla sonora» musika saioari atxikia egon den arren, jakin bazekiten kultura oso begikoa duela. Joseba albistegietan hasi zen Bilboko Herri Irratian, Barakaldoko Radio 7n gero

«musutruk, gainera»
, EITBko oposaketa gainditu eta geroztik Radio Euskadin dabil.

«Nortasun propioa duen kultura saioa egiten ahalegintzen gara, nahiz eta albistegi ordutegi baten barruan kokatua egon»
. Hogei minutuko iraupena duelarik, aurkezpenak laburrak izaten dira oso. Bitarte horretan erritmo bizia ezartzen da, 10 bat berri, ikuskizun bati buruzko kritika, antzezlan, kontzertu, film, erakusketa, liburu edo komiki bat dela, ikusi eta gero beti ere. Amaitzeko efemeride gisako bat egiten da, eta horren aitzakian kanta bat jarri, aipuarekin lotura duena.

«Gure kultura zaleen jakinmina asetzen dugulakoan gaude»
. Saioa entzunda, formularekin asmatu dutela iduri du, irudimena landuz ukitu bitxia ematen baitiote saioari.

«Esaterako: gure taldeko kazetaria erakusketa batean ibili da zelatari, eta honako hau jakin du...»
. Oinarrizko lantaldea ere lagungarri da horretan: hiru kazetari, bekadun bat, Mari Jose Villaverde Donostian, Anabel Cabrero Gasteizen, Frank Dolosor Baionan eta Satur Leoz Iruñean.
Halaber, lehiaketa txiki bat dago,

«pertsona baten inguruko pistak ematen ditut, non jendeak ez duen parte hartzen, erantzuna berehala ematen dut-eta. Euskal Herriko zein kanpoko den norbait izaten da, azken batean, kultura unibertsala dela erakusteko» EITB