argia.eus
INPRIMATU
130.000 litro sagardo nafar
2000ko urtarrilaren 23a
Sagardoaren kultura beste lekuetan bezain sustraitua ez egon arren, Nafarroan ere badago. Muga geografikoak baino gehiago eguraldiak mugatzen du. Nafarroan barna sagarrondoen 23 ustiaketa daude, guztira 30 Ha osatuz. Baztan eta Basaburua haranetan gehientsuenak, nahiz eta arrastorik aurki dezakegun Lizarra inguruan. Nafarroan sagardotarako 17.750 sagarrondo daude kontrolatuta. 14.000 bat zuhaitz 2 urtetik 7 urte bitartekoak dira eta gainerakoak 10 urtetik gorakoak. Bailara hauetako baserrietan betidanik izan da sagardoaren usadioa. Gaur egun, ekoizpena emendatuz doa. Honek eraginda, sagarrondoa gehiago aztertzen ari dira. Donezteben eman zuten lehen pausoa, bertan sagarrondo batzuk selekzionatu eta aztertzen ari zirelarik, su-gorrinak denak zimeldu zituen. Hala ere, ez dute etsi eta lanean dihardute sagarrondoak berlandatuz. Azterketa hauek galtzeko zorian dauden sagar motak berreskuratzeko bidea irekitzen dute. Oraindik ere ikerketa hauek berriak direnez, sagardoa egiteko erabiltzen diren sagar motak Euskal Herri osoan berdintsuak dira.

Beruete eta Baztanen sagasti berriak landatzeko asmoa dago. Nafarroako gobernuak ez du diru laguntza berezirik eskaintzen sagardoa suspertzeko. Orain arte, Leader egitasmoari esker, zortzi ustiapenek jaso dute diru laguntza. Nekazaritzari zuzendutako diru laguntzei esker aurrera eraman dira proiektu ttipi hauek. Guztira, 130.000 litro sagardo emanen ditu Nafarroak urtean zehar.