Golfa, hondartza eta surfarengatik dugu ezaguna Zarautz. Baina horren atzean, bizi kalitate eta herri giro aparta izan ditu betidanik, nahiz eta etengabe hazten ari den. Bertaratzen den edonork, ume, gazte, heldu eta adinekoen artean euskara hitz eta pitz entzungo du, bizitza erabat euskaraz egitea posible dela ikusiz. Ez da harritzekoa beraz, mota honetako ekimena aurrera atera izana: euskara hutsezko telebista bat, herrian egosten den ororen berri emango zuena. Halaxe, Arrasate telebista aitzindariaren lorratza jarraituz, 1991n otsailean sortu zuten, bestelako egoera batek bultzatuta baina. Esperientzia piloto baten baitan gauzatu baitzuten, Cabledis kable bidezko enpresak herrian kablea bota zuenean, hain zuzen. 30 katetik gorako eskaintza ordainpekoa zelarik, amu gisa herri telebista bat sartzea otu zitzaien. Orduan, Zarauzko udala, Foru Aldundia, eta zenbait enpresa pribaturen ekimenez, ZTB abiarazi zuten. Alabaina, Estatu Batuetan ez bezala, jendea ez zegoenez ohituta telebista ikusteagatik ordaintzera, Cabledisek irabazirik jaso ez eta negozioa geldiarazi zuen. Ikuskizun dago epe erdira kable bidezko telebistak zein joera hartuko ote duen. Bien bitartean, Zarauzko udalak, azpiegitura bat sortua zegoela iritzi eta 1994an diru laguntza luzatu zien ZTB airez emititzeari ekin ziezaioten. Eta hala egin zuten.
JATORRIZKO BERTSIOAN.
Hasieratik garbi eduki zuten euskara hutsean izango zela,
«eta hala segituko dugu gainera. Herritarren % 80 euskalduna izanik. Azken hamar urteotan gainera, ikastetxeetan D eredua baino ez dago. Autopista ondoan etxebizitza mordoa egiten ari diren arren, gehienak zarauztarrek erosiak dira, aberats itxurakoak direnak kenduta. Kanpotik datozenak ere euskaldunak izan ohi dira, Azpeitia eta barnealdekoak gehienbat. Baina horrek ez du esan nahi, euskaraz ez dakien herriko norbaitek erdaraz ezin dezakeenik hitz egin, noski» azaltzen digu Jose Mari Zubiaurre zuzendariak.
Bere jaiotzatik urte batera, ZTBk aldaketa handia egin zuen, bere programazioa hiru ordu ezberdinetan ematen hasi zen-eta, kirolari garrantzi berezia emanez. Herrikoen artean ikusmin handia pizten baitu kirolarien artean senide, lagun eta ezagunak lehia bizian ikusteak.
«Amenabar eskubaloi taldea Ohorezko B mailan ari dela, hondartzako futbol txapelketa, eskolarteko lehiaketak, surfa, pilota, eta abar. Duela bi urte arte zuzeneko kirol emanaldiak egiten genituen. Baina kamera bakarra zelaia parean jarrita, ez zen eramangarria, jendeari astuna egiten zitzaion. Unitate mugikorra erosi beharko genuke horretarako».
Kirola ardatz izanik ere, ordu laurdeneko informatiboa oso ikusia da herrian, baita asteburuari begira egiten den saioa eta «Herriko semeak» izenekoa ere, non adineko jendeak garai bateko Zarautz hizpide hartzen duen.
«Tarteka bestelako saioak egiten ditugu, esaterako, Sanz Enea kultur etxeko jarduerei buruzkoa, programa bereziak haurrek bitartekoa ezagutu dezaten, Galiziako eguna edo natur astea dela, eta abar». ZTBren historian saio ugari izan dira, zeharo ezberdinak denak: ikastetxeetan burutzen den «Oka»ren jokutik hasita «Euskara hobetzen» programaraino. Egin kontu: «Oraingo gazte hauek», «Made in Zarautz», «Zuk egina», «Udala lanean», «Kulturari keinu», «Ene Zarautz maite», «Herriko kontu zaharrak», «Eztabaidarako tartea», «Udako pasarteak», «Eta orain, zer?», «Bazenekien». Saio hauetako dezente erreportajeez hornitzen baziren ere, beste batzuek molde berritzaileak zekartzaten, hala nola: «Bandera horian ura gerriraino», Euskal Herriko jaien zerrenda ematen zuena. Horri lotua edo, urtebeteren buruan ETBko «Jaiak 96» saioa abiarazi zuten.
HERRITARREN KEXUAK.
ZTBko lantalde finkoa Juan Mari Zubiaurre, Itziar Iturria eta Larraitz Martiarenak osatzen dute; gainontzean, dozena bat lagun aritzen dira.
«Ateak irekita dauzkagu, bai kazetari, baita Andoainen edo beste edonon ikasten ari diren teknikarientzat ere. Profesionalak trebatzeko harrobia baita ZTB bezalako herri telebista bat; horra hor gaur egun ETBn ari diren 9 kazetari. Pena bat da, gurekin hasi eta gero, beste batzuek ateratzen dietelako etekina, baina tira» diosku Jose Marik.
Egunero ordubeteko programazioa dute, hiru aldiz eskainia: eguerdian lehenik eta arratsaldean bitan gero.
«Muzin egin diegu filmak eta kanpotik egindako saioak sartzeko eskaintzei, hori ez baita gure betebeharra». Tresneria zaharkitua geratu zaielarik,
«ahal dugunean kamera, bideo eto mahai tresna digitalak erosteari ekingo diogu».
Aintzat hartzen dituzte herritarren gomendio eta kexuak,
«kalean ezagunak gara eta jendea kontu kontari hasten zaigu, hura ondo eta bestea gaizki. Hauteskunde kanpainan bereziki errietan hasten zaizkigu batzuk beste kolorekoen alde egin dugula sinetsita. Edota auzo bati buruz zerbait eginez gero, zergatik ez dugun haien auzoaz ezer aipatu eta halakoak. Baina gauza hauek eskertzekoak dira, herritarren zerbitzura baikaude»