argia.eus
INPRIMATU
Herri komunikabideak hazkunde krisian
Mikel Irizar @mirizarintxaus 2007ko otsailaren 21a
K

OMUNIKAZIOAREN IPUINA.
Hasieran, hurbilekoa zen esistitzen zen komunikazio bakarra. Artean ez zegoen telefono edo telebistarik, telefax edo teletiporik, telematika edo Internetik. Ingurunea erabat ezaguna zen, pertsonak, lagunak edo etsaiak, abereak eta parajeak. Harantzago, lainoa, ezezaguna, zalantza eta beldurra. Eta gero, deuseza, munduaren amaiera. Hurbileko komunikazioak tresna xumeak behar zituen: ahoz-ahoko kontakatiluak, bertsopaperak, gramatikak eta liburu debozionezkoak.
Geroago merkatari-bidaiariak etorri ziren, munduko

marcopolo
guztiak, lainoaren ostean lurralde zoragarriak zeudela kontatuz. Egia zen, orain badakigu, baina mendeak behar izan zituen jendeak hori sinesteko, eta hiritar arruntaren bizimodua apenas aldatu zen. Ingurua ezagututa, nahikoa oraindik.
Ondorengoa bai, hau erabakiorra izan zen. Baporezko ibilgailuak zirela eta, bidaiatzea erraztu egin zen. Telefonoari esker, posible zen lainoz bestaldekoekin hitz egitea eta, argazkia medio, haien aurpegiak ezagutzea ere bai. Mundua zabaldu egin zen, eta mundu zabal hura ezagutzeko grina piztu. Egunkari eta irratien urrezko aroa dugu.
Azken aurreko urratsa, telebistak ekarri zuen. Bat-batean, munduaren beste puntakoa zuzenean ikus zitekeen, hango desgrazia hangoekin batera bizi. Mundu osoa bihurtu zen norberaren etxea, hiritar guztiak bihurtu ziren mundutiar, eta McLuhanek lasai bota ahal izan zuen herrixka globalarena. Jendeak, gainera, berrigoxo izan eta mundu aurkitu berria lehengo inguru zahar ezaguna baino nahiago. Batzuk oraindik aurreko fase horretan daude, eta Sri Lanka errazago kokatuko dizute mapan Arrasate baino.
Baina sateliteak eta kableak iritsi dira, eta hainbeste ugaldu dute munduaren presentzia gure begien aurrean, beldurra ere sartu zaigula, ingurua ahaztuko ote dugun, ingurua gutaz ahaztuko ote den, mundua gure egingo dugun ala munduak irentsiko ote gaituen.
Soziologoak ere larritu egin dira, eta identitate, komunitate eta antzeko baloreak indartu beharra azaldu dute. Azken sasoiko komunikazioaren tresna berriak, herri komunikabideak eta atari/multzo telematikoak.

HERRI KOMUNIKABIDEAK GUREAN.
Orain hamarren bat urte hasi ziren gurean herri komunikabideak loratzen. Une hartan, gainera, euskaldungoak sekulako indar erakustaldia egin zuen eta, gutxitan bezala, fenomeno berria ia euskara hutsean abiatu zen. Eta, aldizkarigintzaren kasuan, tinko ageri da. Asier Aranguren kazetariak bere doktore tesirako egin duen lan mardulean datu esanguratsuak aurki daitezke. Adibidez, ia 50 dira euskarazko herri aldizkariak, guztira 100 bat langile dituzte eta 400.000 irakurle baino gehiago. Sendo ageri dira, baina herritarrek irakurtzen dutenaren oso zati txikia dira oraindik.
Herri telebistena bestelako kontua da. Sei dira euskara hutsez emititzen dutenak, hogeiko multzo batean, eta hartzen duten esparruak 150.000 biztanle ditu, erdia bakarrik euskaldunak. Oro har, arrakastatsuak dira baina eredua ez da hedatu. Aldiz, hiriburuetan eta zenbait herritan bestelako telebistak sortu dira, bai hizkuntza edo helburuen aldetik. Legez arautu gabe daude, eta diruz ere finkatu gabe.
Herrietako irratiena garatu gabeko arloa da. Dozena erdiren bat dira euskaraz dihardutenak, legearen halabeharrez udal irratiak dira, eta ez dituzte oraindik xumetasunaren mugak gainditu.

HAZKUNDE KRISIA.
Ez da makala orain arte herri komunikabideetan egindako lana. Euskara inoiz sartu gabeko zokoetara eraman dute, eta euskara hutsez diharduen langile multzo handia biltzen dute, gehienak lizentziatuak eta gazteak. Eta hedatu diren inguruetan, erraz aurki daitezke hartzaileen jakinmina asetzen dutela erakusten duten seinaleak.
Lan ona egin da, baina ez da aski. Datorren ugaritasunean herri gisa iraungo badugu, gutaz eta gure hizkuntzan jardungo duten hedabide asko behar ditugu. Kalitatea jaitsi gabe, kopurua dugu oraingo erronka, eta kuotarik ez galtzea helburu. Euskararen aldeko baliabideak antolatzerakoan, arlo honi lehentasuna eman beharko litzaioke, eta maila ezberdineko hedabideen artean elkarlana garatu, sinergiak lortze aldera.
Debagoienean, lehengo Deba garaian, ari gara urrats garrantzitsu bat emateko indarra biltzen. Hemen abiatu zen euskarazko herri komunikabideen lehen loraldia eta, agian, lantzen ari garen GOIENA izeneko egitasmoak abia lezake bigarrena. Hala bedi!

GOIENA egitasmoaren bateratzailea