argia.eus
INPRIMATU
GOIENA-REN EGITASMOA
2021eko uztailaren 19a

GOIENA-REN EGITASMOA

Debagoieneko zazpi euskara elkartek (AED, Jardun, Pagedar, Laixan, Axtroki, Loramendi eta Idolaz) Goiena izeneko kooperatiba sortu dute, helburu garbi batez: euskara hutseko telebista, astekaria eta zerbitzu telematikoetarako sare bat sortzea, horretarako Euskaltelek laster jarriko duen zuntz optikoa baliatuz. Herri bakoitzak bere kabuz burutzea baino, nahiago izan dute egitasmoa eskualde mailara hedatzea. Gaur egun herri mailako hiru telebista ari dira lanean eskualde honetan: Telesko (Eskoriatza), Arrasate Telebista eta Atxabalta Telebista (Aretxabaleta).


"EUSKARA ERE PRESO"

Iragan astean baraualdia egin zuten Iruñean toki desberdinetako zenbait euskaltzalek presoen eskubideen eta prozesu politikoaren alde. Ez zuten ordea presoekiko elkartasun adierazpenera mugatu euren ekimena, euren ustez euskalgintzak ere bere bidea ibili behar baitu: «Euskara ere preso dago marko juridiko-politiko honetan, erdaren diglosiapean, administrazioen erasopean, onarpenik gabe, legeen benetako babesik gabe».


ELHUYARREN HIZTEGIA ON-LINE DAGO JADA

Elhuyar Kultur Elkarteak Euskara-Gaztelera/Castellano-Vasco hiztegi elebidunaren azken bertsioa jarri du

on-line
. Paperezko bertsioa, hots, liburua baino eguneratuago dago. 87.000 sarrera, 123.000 adiera eta 19.000 azpisarrera dauzka

on-line
-eko bertsio honek eta Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailaren laguntzaz egin du Elhuyarrek. Honako helbide honetan aurki daiteke: www.elhuyar.com/hiztegia.


"ANAL-FABETOAK" EUSKARAZ

TMEO aldizkariak Alvarez Raboren komiki bat euskaraz argitaratu du estreinakoz. «Anal-fabetoak» du izenburu eta homosexualitatearekin zerikusia duten zenbait istorio biltzen du. Raboren lagun iruindar batek euskaratu du.