Kike Otaegi lagunaren ama. Eta Arantxa eta Margarena. Urnietan, bere sorterrian, berrikitan zendua. Garai batean Donostiako Egiara ezkondua, Juanito Otaegirekin. Erdal gunera beste hainbeste bezalatsu etorritako euskalduna. Eta bere heriotzak gure gaztaroa –oraingoena baino laburragoa– dakarkit gogora. Bere irudi argala, fina, eta bere izakera zaintsua eta apala. Bere etxeko ohiko afaria: baratxuri zopa eta patata tortila-omeleta. Kike? Galdetu diot: nora zoaz? Hara, erantzun dit. Eta badakit zein izango den bere erantzuna nondik datorren galdetzean: handik. Gure ama Pantxika eta Abaldetarrena Antxoni Kalparsoro izan zituen bide lagunak. Hiruko ederra alajaina! Zapalkuntzari aurre egiteko kidetasuna. Gure auzoan, grisak, berdeak, brigadilakoak, sozialak eta enparauak gustoko ehiza-leku zutenean, Martuteneko kartzelak ezagututako janari hornitzaile bikainenak. Gure eskerrona inoiz behar bezala jaso gabeak segur aski. Eta berantegi ez delakoan legokeen tokira zera adierazi nahi nioke: maite gintuzun bezala maite zaitugu. Eta entzungo balit kantatuko nioke...