Joxerra Gartzia honela mintzo zen EHUn aurkeztu berri zuen «Gaur egungo bertsolaritzaren baliabide poetiko-erretorikoak» tesiaren inguruan «El Diario Vasco»n:
«(...) Nik ez dut egiten poetikaren kontra, baizik poetika formulazioaren baitan jartzearen kontra. Floritura eta gauza distiratsuetara mugatzearen kontra nago. Erretorikaren definizio onena Aristotelesena da eta, hark esaten duenez, pauso hauek daude: nik auditorium bat daukat eta, aurrena, asmatu behar dut ze argudio ditudan; bigarren pausoa zera da, argudio horiek ordena batean jarri; hirugarren pausoan, ordena egokian jarritako argudio horiek ondo formulatu beharko ditut. Horretara mugatu izan da erretorika, eta horregatik izan du fama txarra. (...) Erretorikaren helburu nagusia jendearengan eragitea da. Segun entzuleek eta bertsolariek zenbat balio konpartitzen duten, erretorika barruan estrategia diferenteak egongo dira. (...) Ahozko komunikazioan, testua bezain inportantea da testuingurua. Hortxe dago koska. Zuk baldin badituzu balio konpartitu batzuk oso fuerteak, orduan ez daukazu zazpi puntuko bertsoa egin beharrik. Frankismo garaian, nahikoa zen `gora Euskadi' esatea bertsoa egiteko».