argia.eus
INPRIMATU
TRABATUTAKO ERROSARIO ALEA
Elixabete Garmendia 2000ko urtarrilaren 09a
Ostikoka despeditu da urtea Europa zaharretik. Mateo Txistuk zeharkatu ditu zeruak inoiz baino zakarrago, herioa lagun, gau batez behintzat kandela argitara eta telebistarik gabeko mahai inguruetara itzularaziz herri osoak. Haizeteak bazterrean utzi ditu ordu batzuetako tartean bi milagarreneko efektoak sortzen omen dituen kezkak eta indarrean jarri beldur anzestralak, naturaren haserreak eragindako horiek.
Gainerantzean gabonaldian ohikoak diren gertaerarik ez da falta izan: hegazkin bat bahituta, besteren bat muturrak hautsita, petroliountzi parea itsasazala lutoz jazten, gehi Txetxeniako tiro zaparrada aterunerik gabekoa eta albistegiak bazkatzen dituzten beste ezbehar batzuk. Ezer ez berri edo harrigarririk gizakia paradisutik jaurtia izan zenez geroztik. Betiko moduan eragingo digu bihotzerrea txanpainak –edo urak, gose grebalarien kasuan– hori denarengatik. Gainera juxtu garai honetan tristuren errosarioa aletzeko enpeinua ez daki batek hipokresiari egotzi behar zaion ala neurosiari. Dena dela ere, ale bat geratu zait trabatuta, tematsu trabatuta, aurtengo gabonaldian.

HURBIL
gertatu izanak dauka batez ere zerikusia. Berria hasieran honela iritsi zitzaigun gure lantegira: ume bat errekara erori dela Elorrion. Ez zirudien ikaragarri kontu beldurgarria, ibaiak Elorrion daukan sakonera eta indarra ezagututa. Baina berehala aldatu zen albistearen zentzua: erori ez, bere amak bota du ibaira zazpi hilabeteko haurra. Tratamendu sikiatrikoan omen zegoela ama. Umea salbatua zela jakiteak ez zidan kontsolamendu ikaragarririk ekarri. Tratamendu sikiatrikoan ama. Datu horretatik zintzilik geratu naiz, askatu ezinik.
Buru-gaixoren bat gertutik ezagutu duenak bakarrik susma dezake halakoen egoera eta jokabideek ingurukoengan sortzen duten bertigoa. Ez da ezta etsaiari ere opa izatekoa. Hasteko nahasmena dago, norberaren oreka kolokan jartzen duena. Hor azaltzen dira lehen lotsa tantak ere, pertsona horrek bere portaera arraroarengatik jendaurrean bere burua salatu egiten duela probatzean. Laster beldurra dator, ez alferrikakoa, oso zentzuzkoa eta erreala baizik, bidezkoa denaren eta ez denaren arteko mugak bereizten asmatzen ez duena edozer egiteko gai dela ikusten baituzu. Ikaragarriena, nolanahi ere, arimaren amildegiak barruntatzea da. Angustia infinitoa, ezinegon kosmikoa. Zurrunbilo hori hain da indartsua eta kutsakorra, betirako ainguratu zaitzake ilunpearen sakonean.

DESANPAROA,
inon bada, amak errekara bota duen umearena. Desanparoa ama hori noizbait maite izan dutenena. Oraindik maite dutenena. Zirrikitu gehitxo du gizarte honek osasun sistemaren aldetik, justiziarenetik, poliziarenetik, nondik ihes egiten duen buruko gaitzen zaintzak. Inork bere gain hartzen ez duen buruzpide ugari. Buru-gaixo bat dagokion eritetxean sartu ahal izateko agindu judiziala behar duzu, eta gaixoak deliturik izan ezean, hurbilekoek eskatu behar dute internatze hori. Egongo da onez onean sikiatrikora sartzen den bakarren bat, baina zaila da nork bere borondatez ematea pauso hori. Gaixoa bere borondatearen kontra sartuta berriz, mendeku beldurgarriaren arriskua dago.
Terapia eta tratamendu bigunak ezdeusak gertatzen dira hor. Sikiatrikoak artaldeko jokabidetik irtetzen zen asko izkutatzeko erabiltzetik, buruko gaitzen larritasuna zalantzan jartzera pasa gara. Eta berez gaitz horiek edozein minbizi baino erasokorragoak izatera iritsi daitezke. Ez bakarrik pazientearentzat, baita inguru guztiarentzat ere. Diskrezioaren izenean tabuan erortzen gara gainera buru-gaixotasunaren arloan mugitzen garenean. Gero, ixilka jasandako drama hura

suceso
etako gai bihurtzen da halako batean, inolako erremediorik ez daukanean