argia.eus
INPRIMATU
"OZTOPO BAKARRA KALEAK EDUKIONTZIZ BETE DIRELA DA"
  • ezartzen. 15 ontzirekin hasi ziren eta orain 500 jarrita daude. Hiritarrak edukiontzi berde eta urdinekin ohituta egoteak lagundu du plastiko, metal eta brik ontzien bilketan.
Katixa Garate 2017ko azaroaren 28a
G

ipuzkoan lehenetarikoak izan zarete edukiontzi horiak jartzen. Noiz jarri zenituzten lehenengo kontenedoreak?
1997an 15 edukiontzi ipini genituen Amara auzoko eremu batean. Gure asmoa 10.000 biztanleko zona honetan jendeak nola erreakzionatzen zuen ikustea zen. Jendearen partehartzea aztertu nahi genuen; zein material botatzen zituen ikusi, jendeak plastikoa ontziekin nahastu egiten baitu. Halaber, jasotzerakoan zein arazo zeuden ikusi nahi genuen. Esperientzi pilotu hau oso positiboa gertatu zen eta behin-betiko ezarpena diseinatzen hasi ginen. Egun 500 edukiontzi daude Donostialdean, kasik edukiontzi bat 500 biztanleko.

Zeintzuk dira edukiontzi honetara bota beharreko material edo ontziak?
Printzipioz, hiritarrak argi izan behar du edukiontzi hauetan ontziak sartu behar dituela eta ez materialak. Edukiontzi hauek etxean erabiltzen diren ontziak bakarrik jasotzeko funtzioa dute. Batetik, plastikozko ontziak, PVC, PET eta dentsitate altuko polietilenoz eginikoak daude.
Bestetik, metalezko ontziak daude: burdinezkoak eta aluminiozkoak. Eta azkenik, brik ontziak leudeke. Aipatu ontziez gain, badaude etxean erabiltzen diren beste ontziak, paperezko, kartoizko eta material zelulosikoz eginiko ontziak. Hauek guztiak ontziak izan arren, ez gaitezela erratu eta kontenedore horian sartu. Paper eta kartoien lekua edukiontzi urdina da eta beirazko botilena berriz, berdea.

Nolako harrera egin diote Donostialdeko biztanleek edukiontzi berri honi?
Egia esan, jendeak egin dion harrera aurreikusitakoa izan da. Paper eta beira bilketa positiboak jendearen sentsibilitatea agertzen zuen eta jendeak dezente erabiltzen du edukiontzi horia. Edukiontzi hauetan jasotzen den material guztiaren % 25-30 ez da birziklatzeko erabiltzen, atzera botatzen da, jendeak ez duelako oso argi ontziak bakarrik bota behar direla. Dena den, erreus-kantitatea Espainiako hainbat lekutakoa baino baxuagoa da. Bestalde, 1999an batez beste pertsonako lau kilo ontzi jasotzeko itxaropena genuen.

Zer egiten da edukiontzietan jasotako ontziekin?
Kamioi bat pasatzen da astean behin, gutxienez, edukiontzi hauetako ontzi hauek jasotzera eta kamioi horrek sailkapen-planta batera eramaten ditu. Planta horretan ontziak uhal garraiatzaile batzuetatik pasatzen dira, non material ferrikoa kentzen den eta aluminioa detektatzen dieten. Material ferrikoa eta aluminioa kendu eta gero, ontziek uhal horietan jarraitzen dute eta ondoren, langileek eskuz material desberdinak sailkatzen dituzte. Prozesu hau burututakoan, material bakoitza birziklatu egiten da.

Zer da ontzi ugarik agertzen duten puntu berdea?
Ontzi eta ontzi hondakinei dagokien arteztarau europarra dago. Honen arabera, ontzi-fabrikatzaileek diru kopuru bat jarri behar dute, produzitzen dituzten ontzien birziklapena berma dezaten. Jarritako diru hori Espainiako Estatuak baimendutako eta irabazteko asmorik gabeko Gestio Sistema Integratua izena duen enpresa batek kudeatzen du. Bestalde, erakunde lokalak, udalak edo kasu honetan mankomunitateak berak enpresa honi ontziak jasotzeak eta birziklatzeak kostatzen duen diruaren berri ematen dio, eta zerbitzu horri dagokion kopurua jasotzen du mankomunitateak.

Zer esango zenieke herritarrei edukiontzi hauek erabil ditzaten?
Papera eta beirarekin egin duten bezalaxe, ontzien birziklapenean lagun dezatela. Gure asmoa zabortegira doan eta deusezten den gai kopurua murriztea baita eta gai horiek edukiontzira botaz, lehengai asko birziklatzen da.
Ikusten dugun oztopo bakarra zera da: kaleak edukiontziz bete ditugula. Hiritarrei materiala edukiontzian sartzeko eskatu nahi nieke, askotan jendeak poltsak kanpoan uzten baititu eta honela, kaleak garbi mantentzea ez da erraza