Kontsumoaren erlijioaren zelebrazio egun hauetako patxadan sagardi kontuetan aritua naiz. Oinarritik abiatuta sagardi bat antolatzen ari den lagun bat nuen kontu-kide. Mentu-oinak lortzeko sagar basakaren haziak bildu, neguan hare heze artean jaso, udaberrian lur gozoan poliki erein, hurrena mentatzeko aukeratutako barietate egokiaren mentuak bildu eta txertatu eta sagardia osatzeko landaketa egin. Ez du bidezidor erraza hartu, baina bai ederra.
Berarekin aritzen naizenero sagarrondoak edo beren inguruko zerbaitetaz harri eta harro dago. Mugitegiko mentu-oin basaken urtebeteko landaretxoak, azkenekoa. Rivas idazle galizarrak dioen sagarrondo heldu eta zaharren itxura artritikoa neguari usaina hartu ordurako agertzen da; ez ordea sagarrondo gazte marduletan. Gazteak hostajeari luzeago eusten dio, neguko hotza eta ilunpearekin deman, harro. Jakinmina ere izango da, noski; etsi ezinik urteoro larru-bizitu eta negu guztia belarriak bilduta, otzan, mihura tortokak bizkarrean trufaka hilabeteak igarotzera behartzen duen negu hori ezagutzeko ahalegina izango da, bai, gaztearen eutsi behar hori. Heldu eta azalean neguak pilatu ahala, kemenean etsi, adimena jantzi edo zahartzen delako hostajea lehenxeago botatzera jarriko da. Soilduta bada ere neguari eskuzabal egingo dio harrera eta mihura tortoka lotsatzaileak irrifarra sortaraziko dio, bere bizkar bizi baita eta tarteka zozo lotsagaberen bat edo birigarro ausarten bat etorriko baitzaio, mihura koxkorren lika mokoan, bildutako belarripera xirulatzera