argia.eus
INPRIMATU
ENTZULEEI TXORROTXIOKA
2021eko uztailaren 19a
Elizondoko bere habitik txioka hasi da Xorroxin. Eguneroko emankizunak bermatzeko ez dute arazorik; bai ordea, geroari begira jarriz gero, diru irteera eta sarreren arteko desoreka parekatu nahi baitute.

«Emititzeko dugun tresneria xaharkitua geratu zaigu, eta ez genuke huts egiterik nahi arazo teknikoek eraginda. Hain zuzen, erakundeen subentzioa gero eta ttipiagoa izanik eta publizitatean ere goia jo dugularik, nahitaezkoa zaigu entzuleen laguntza jasotzea kopuru horretara heltzeko»
diosku Xorroxin Irratiko Mari Karmen Irungaraik. Estudio barneko tresneria erosi behar dute beraz, hala nola, loturak, uhineratze antenak, soinu mahaiak, eta abar; baita Legate eta Larrungo errepikagailuen ordezkoak ere. Urdazubi eta Zugarramurdi inguruan halaber, beste bat jarri nahi da, bi herri hauetan Xorroxin ongi entzun dezaten, orain sobera gaizki hartzen baita. Bestalde, kanpainan bilduko den sosaren zati bat Lesakako estudio berria paratzeko erabiliko da, lizentzia duela bi urte eskuratuz geroztik airean izan eta gero.
Xede hauek lortzeko bi laguntza mota proposatu ditu Xorroxinek; alde batetik, momentuzko laguntza, eskualdeko dendetan salgai dauden 1.000 edo 5.000 pezeta (40 edo 200 libera) bitarteko bonoak erosiz egiten ahal dena; eta bestetik, Xorroxingo kide bilakatuz.

«Kide izateak zein abantaila dituen galdetzen digu jendeak. Ez dago halako eskaintza berezirik. Hori bai, urtean behin bazkaria antolatzen da Xorroxingo familia handia biltzen duena. Bertan, irratiaren nondik norakoen inguruan solastatzen gara, baita hutsuneak konpontzeko ere»
. Etxe guztietan banatu dituzte jakingarriak, langabetu, ikasle eta jubilatuek 3.000 pezeta ordaintzea proposatuz, eta langileek berriz, 6.000 pezeta.

«Baina hori erreferentzia bat da, norberak erabaki dezala zenbat ematen ahal duen» JOXEMANUEL