argia.eus
INPRIMATU
Kultura, arima duen industria
Joxerra Aizpurua Sarasola 1999ko abenduaren 26a
Kultura ez da Euskal Herrian, tradizionalki, ekonomi motore izan, baina hamarkada honetan erabat aldatu da egoera hori. Erakustokiak, museoak, argitalpenak, bertsolaritza, musika, euskalgintza eta abarrak enpresak, lanpostuak eta kapitalak sortarazten ari dira eta une honetan euskal kulturak hartu duen pisua bistakoa da.
Prozesu hau gertatzen ari den neurrian, kultur munduko gero eta pertsona gehiagok kulturak industria klasikoak duen tratamendu bera eduki dezala eskatzen dio administrazioari. Eskaera honek eztabaida ugari eragiten du administrazio eta kultur agenteen artean eta askotan tentsio gogorra ekarri ere. Arestian esan bezala, kultur agenteek industri trataera eskatzen diote administrazioari eta honek kultur enpresek industriakoek dituzten baldintzak betetzea eskatzen du; besteak beste, merkatuan lehiatzea, produktuetan eta produkzioan kalitate-arauak ezartzea eta teknologia berrietan inbertitzea.

EUROPAKO
Batasunak dituen programetan ere gero eta leku nabariagoa dute hizkuntz teknologiek eta informazio-teknologiek, eta duten trataera industria klasikoarenaren berdina da. Urte asko daramat kultur enpresa desberdinetan lan egiten eta gertutik bizi izan ditut kultur munduko aldarrikapenak, horien artean industria klasikoarekiko homologazioarena ere. Merkatuan lehiatzea, kalitate-sistemak aplikatzea eta teknologia berrietan murgiltzea ezinbesteko baldintzak dira euskal kultur enpresek iraungo badute. Baina, merkatuaz ari garenean, konturatzen al gara zein den euskal merkatuaren dimentsioa? Eta kalitateaz edota teknologia berrien inplementazioaz ari garenean, kontuan izan al dugu euskal kultur enpresen baliabide ekonomiko eta pertsonalen maila?
Bestalde, Euskal Herriko kultur eragileen artean, tradizionalki, iraupenaren kultura oso zabalduta dago eta hau Euskal Herriak jasan duen eta jasaten ari den zapalkuntza orokorraren ondorioa da. Aitaren etxea defendatzen ikasi dugu eta horretarako, batez ere, arima jarri dugu. Eragiteko modu horrek gaurdaino bizirik irautea ekarri du, baina, aldi berean, batetik norberarena ez denaren aurrean mesfidantza eta bestetik, sortutako erakundeen aparatu bihurtzea askotan.

INDUSTRIA
klasikoan enpresak desagertzen dira, berriak sortzen dira, behin-behineko edo behin-betiko elkarketak egunero ikusten ditugu, gero eta zuzendari gehiagok aldatzen du lanpostua, produktu eta prozesu industrial berriak etenik gabe sortzen dira eta abar. Euskal kultur enpresak saiatzen dira arestian aipatu ildoan gauzak egiten, baina oso gutxitan lortzen dira emaitzak eta gainera pertsonen arteko harremanak oso kaltetuta geratzen dira gehienetan; gure arteko lehia gehienetan interes ilunen araberako baldintzetan murgiltzen da; beste enpresa batekin proiektu batean elkartzen garenean, ahalik eta gutxien jarri eta ahalik eta gehien ateratzea izaten da gure helburua, eta honela zerrenda luze bat osatuko nuke.
Dena den, munduak jarriko digun kortsea ikusita, euskal kulturak industrializaziorako bidean jarraitu beharko du eta bide horretan eragile izango direnak arima duen industriaren funtzionamendu-arauak ezartzen saiatuko dira. Posible izango al da?