Lumaz eta argizariz egindako hegoen bidez, Kretako labirintotik alde egitea lortu zuen Ikarok. Bere ihesean ordea, eguzkira gehiegi hurbildu eta beroak, hegoetako argizaria urtu eta itsasora erori zen. Tamalez, ez gaude Grezia klasikoan, neguko eguzkiak gutxi berotzen du eta Ikaroren hegoak diseinuzkoak dira oraingo honetan, Nafarroako Gobernuak eginak. Izan ere, argi dago kontra-informazioak hazkure galanta ematen diela Gobernuko agintariei, are gehiago gaztelerazkoak. Halaxe, bere kontrolpean ez dauden irratiak isilarazteko ahaleginean, EAEko irratiak ere ikusmiran jarri dituzte. Radio Euskadiren seinalea Iruñerrian ahul entzutea adierazgarria da oso.
Nahiz eta Nafarroako Gobernuaren jokabide sektarioa aspaldikoa izan, irrati lizentzien banaketaren ondotik hasi dira kalapitak. Joan den maiatzean abiarazi zenez geroz, Net21ek Euskadi Gaztearen seinalea (FMko 105) ilundu du. Orain berriz, arazo teknikoen aitzakian, Eguzki irratiaren seinalea estali nahian dabiltza, goitik jaso gomendioaren eraginez zalantzarik gabe. «Kasualitate» hutsa dela argudiatu dute. Tamalez, babesteko deus gutxi egin dezake Eguzkik frekuentzia aldatzea baino. Halaxe, egokitzapen teknikoak egin dituztelarik, FMko 104.5ean entzuten ahal da orain, hurrengo erasoa etorri arte, bederen.
17 urteko ibilbidean, Eguzki FMn emititzen lehen irrati librea izan zen.
«Abiarazi zenetik `trabarik ez sortu besteek trabarik jar ez diezazuten' lema atxiki dugu. Euskalerria eta Eguzki irratien uhineratzea legez kanpo jarri nahi izateak ostera, garbi erakusten du adierazpen askatasunari eta herritar orok iritzia jasotzeko duen eskubideari iruzur egiten dietela» azaldu dute Ruben Marcilla eta Rikardo Alkaizak,
«entzuleak izan daitezela zein emisorarekin egin nahi duten bat erabakiko dutenak» JOXE LACALLE