Iturritzartarretako Kasilda anderearen izena gogorarazten duen parkean izana naiz, Bilbon. Ez dakit landare artean oilagor-zakurraren antzera ibiltzera ohituta egotea den edo sena, baina bat-batean hango zientoka landareen artean sekula ezagutu gabeko zuhaitz baten aurrean aurkitu nintzen. Alkanfor zuhaitza zen,
Cinnamomum camphora. Grekoko «cinnamom» kanelaren izena da, arroz-esnea gozatzen duen espezia zaharrenetako hau ematen duen zuhaitza ere genero honetakoa baita,
Cinnamomun aromaticum, alegia.
Alkanfor zuhaitza Txina, Japonia eta Taiwanen hazten da berez. Bere zura zurgin mokofinenek erabili izan dute. Zura hau bera destilatuta ekoizten zen alkanforra industrian sintetizatzea lortu zen arte. Alkanforra armairuak eta kutxak eta bertan jasotako arropa sitsetatik babesteko erabiltzen da; baita olioak, linimentoak eta ukenduak janzteko eta usainak sendagai gisa erabiltzen dituen aromaterapian ere.
Zizpapeko meatzarien izerdiz Bilbon aberastu ziren ingeles haietakoren baten bidez ekarritako landareak izango dira zuhaitzok eta hiriburuaren garai bateko kosmopolitatasun ez hain polita gogora ekartzen dute. Justu Euskalduna Jauregiaren sarrerako metalezko zuhaitzen, Guggenheim Museoaren titanioaren eta errioz bestaldeko Deustuko unibertsitatearen distiren tartean dauden alkanfor zuhaitz hauek... bai! hauek bai usain naturala...