argia.eus
INPRIMATU
Lizarra-Garazi, ontzi hauskorra
1999ko abenduaren 19a
Abenduaren 6an, Aznar jaunak parlamentu espainiarrean denok ezagutzen ditugun adierazpenak egin zituenean, ia denok aitortzen dugun eta konpondu gabe dagoen arazo politikoa (ETAren agiria aitzakiatzat hartuta, hori bai) nazionalismo espainiarrak kokatzen duen puntuan ipini zuen erdiz erdi: euskaldunon autodeteminazio eskubidearen aurrean parlamentu espainiarra begi izango da (gaur hala da gutxienez). Brunete dibisio akorazatua eta Konstituzio espainiarra da Karta horretako 8-1 artikuluan ipinita dagoen mehatxuaren betetzea.

HORI
esanik (euskaldunok intuitzen genuen eta aspalditik geunden horren jakinaren gainean, baina orain Gobernu espainiarreko presidenteak berak argitu digu), galdera zera da: zergatik iragarri du ETAk jarduera armatura itzultzeko posibilitatea, eta ikuspegi horretatik zergatik ipini du kili-kolo abertzaleen alorrean orain arte eraikitakoa? Hona nire ustez zergatik:
a) Proiektua ez dagoelako, ezta urrutitik ere, sendotua. Behin baino gehiagotan esan dut Lizarra-Garazi oso meheak diren eta gainera elkarri kolatuta dauden kristalez egindako jarroi bat dela, eta egun batez hautsi zitekeela.
b) Lizarra-Garazi bizi den denboran ez dugu ikusi (aldarrikapen orokorrak alde batera utzita) aurrera eginaraziko zigun proiektu politiko zehatz eta erreal bat.
c) Aurrera ez egiteko arrazoien sustraian baldin bazegoen batetik erakunde armatuaren fikzio-lilurazko planteamenduen (Euskal Herria osatzen duten herrialde guztien autodeterminazioa «herritar bat-boto bat» formula bidez, Estatu mailako 2000. urteko hauteskunde orokorretara ez presentatzea...) eta bestetik EAJ-EAren posibilismoaren arteko distantzian (hauek kezkatuagoak zeudelako ETAk behin betiko armak uzteaz, aurrerapen zehatz eta garbiak ekarriko zituzten eskaintza politikoak egiteaz baino), gaur esan behar da Lizarra-Garaziko ituna osatzen duten indarren artean egin diren ahaleginek ez dituztela distantzia horiek gainditu eta ez dutela lortu elkarrekin bidea egiteko puntu batean elkar aurkitzerik.
Hortik ikusten dut ETAren agiria ia esklusiboki indar abertzaleei zuzendua. Eta holako zerbait gertatu behar zuen, zeren eta hamar egun hauetan aurreko hamalau hilabeteetan baino eskaintza politiko askoz zehatzagoak eta urrats gardenagoak eman baitira. Ondorioz, alderdi politikoek hausnartu egin beharko dute beren lozorroaz, zergatik behar izan duten holako astindu bat orain egiten duten bezalako era positiboan ekiteko.
Aukera politikoak dauden moduan planteatuta eta abertzaleek datozen urteetako borroka politikoan nondik joko duten zehaztea falta delarik, bi fronte irekitzen dira. Batetik, Lizarra-Garaziren proiektu politiko gaurkotu eta erreala zein den definitu eta argitzea, gure gizartean duen pisu politiko eta soziala behingoz ezagutzeko. Bestetik, proiektu hori forma, era eta bide erabat demokratikoetan aurkeztea euskal gizarteari modu zabal batean, eta baita Espainiakoari eta Europakoari ere.

ESPAINIAKOARI,
ez PPk eta ez PSOEk sekula ez dezaten ETAren aitzakiarik izan aukera politiko batek dakarren planteamendu erabat politikoari ihes egiteko. Eta Euskal Herrian demokratak ez direla erakusten duen kontraesan larrian erori daitezen. Aukera hori demokratikoki maioritarioa baldin bada (EAEn, Nafarroan edo edonon dela ere) Espainiako Estatuak bere itxura juridiko-politikoa aldatu ahal izan dezan, horretarako bere tresnak kanbiatuz.
Eta Europakoari, talde politiko abertzale guztiek eta Lizarra-Garazi osatzen dutenek estalkirik gabe eta bortxarik gabe adierazi dezaten Euskadin badela gehiengo sozial bat autodeterminatzea eskatzen duena. Edozein delarik ere emaitza. Eta emaitza hori onartua dela eta izango dela batzuen eta besteen aldetik. Europa da horren adibide garbia gaur. Guk ez dugu salbuespen izan behar, eta ezin gara salbuespen izan. Horretan guztian askoz lan gehiago egin behar da. Hau orain arte egin ez bada ziurrenik jarroia meheegia zelako eta gogortu beharra zegoelako izan da.
Agian holako zerbait bilatzen zuen ETAk bere astinduarekin. Hala ere, badakigu epe laburrean errentagarriak diruditen astinduek, azkenean proiektu politiko bat desestabilizatzen bukatzen dutela