Frantziako estatuan espetxeratuak diren euskal militanteei ez zaie uzten preso diren beste kideekin harreman txikiena izaten ere. Egoera hori ezagutu zuen Argi Perurenak Pauen atxilotua izan ondoren. Bere egoera salatzeko segidan ekin zion baraualdiari. Hilabete bat eta erdi darama Perurenak Fresnesen. Artean, Iratxe Sorozabal, Txema Olabarrieta eta Txuma Altable kanporatuak izan dira. Preso hauek, espainiar poliziaren eskuetan torturatuak izatearen beldurrez gose grebari ekin zioten.
Artean, Serafin Blanco eta Simon Caride Frantziako auzitegiek jarritako zigorra betetzear daudela, egoera bera pairatzen ari dira, eta gose grebari lotu dira protesta moduan. Presoek bere eskubideen alde daramaten borrokarekin batean, baita Frantziako Gobernuak daraman politika salatzeko eta presoekin elkartasunean, kaleko mobilizazio ugari bizitzen ari dira Euskal Herrian Koordinaketaren (Euskal Presoen Sustengu Komiteak) ekimenaren bidez.
Iratxe Sorzabalek 38 kilo zituen Espainaratu zutenean. Irunen, bere herrian, kanpaldia eta baraualdia egin zuen bere herrikide zenbaitek udaletxe aurrean. Egun libre dago.
Libre dago Txema Olabarrieta ere, eta bere aldeko akanpadak eta giza kateatze burutu ostean. Preso bilbotar honek, 17 egun jan gabe egin ondoren egarri grebari ekin zion. Txuma Altable La Jonquerako mugan utzi zuen Frantziako poliziak azaroaren 19an, eta egun berean egarri grebari ekin zion. Sei urteko zigorra bete ondoren 30 eguneko gose greba burutua zuen ordurako. Hiru preso hauek eritxetetik pasa behar izan zuten kanporatuak izan aitzinetik. Iratxe eta Txema libre utzi zituzten epailearen aurrean pasa ondoren. Altable, ordea, Soto del Realen kartzelaratzeko agindu zuen Teresa Palacios epaileak.
Ipar Euskal Herriko 20 herritan 650 pertsonek segitu izan diote Koordinaketak deituriko baraualdiari. Munta eta tamaina honetako lehen ekintza izan da Ipar Euskal Herrian, eta, hainbat hautetsik erakutsi du bere sustengua. Bi estatuko espetxetan gose greba mugagabea hasi zuten 20 presoen artean Josetxo Arizkuren Ruiz iruinsemea (Fleury Merogis) eta Mikel Zubimendi Berastegi (La Sante) bergararra aurkitzen dira; biak ala biak Frantzian espetxeratuak.
Josetxo Arizkuren, 36 eguneko gose greba betetzean –17 kilo galdurik–, erizainen laguntzaz eta anbulantzia batean eraman zuten Irene Stoller prokuradoreak presiditzen zuen tribunalaren aurrera. Arizkuren Ruizek –ETAko mintzakide presoa– akitu itxuraz baina sendo hitz egin zuen tribunalaren aitzinean: «
Frantzia, Espainia bezalaxe, euskal populuaren etsaia da». Euskal preso politikoen kolektiboaren baraualdiak aitzina darrai Frantzia nahiz Espainiako estatuetan barrena. Iparraldeko Koordinaketak abendu honen 18an, larunbatez, Baionan presoen alde manifestatzera deitu du