Mitxel Sarasketa eibartarrak 20 urteko kartzelaldia eta 10 gose greba burutu izan ditu. Greba hauetako bi 35 egunekoak izan ziren: «
Baraualdiak egiten nituen artean ez banekien ere, haren eraginez-edo, bi aldiz gorputz erdia elbarrituta geratu zitzaidan gerora. Glukosa kontu bat zela-eta, gose greba gehiago ez egiteko gomendatu zidaten. Garun-odol-jario bat izan nuen bestalde eta erabakuntza bat egin zidaten». 63 kilo inguru dituen Sarasketa 43 kilotan egon da.
Gose greben arrazoiak espetxe araudiak salatzeko nahiz arrazoi politikoengatik izaten dira: «
Euskal presoen kolektiboak egin dituen greben esperientziatik asko ikasi da. Oso ezberdinak izan dira biziriko egoerak. Puerto de Santa Marian egin genuenean, bi hilabeteko isolamendu eta gose pasa ostean hasi genuen baraualdia. Soriara eraman gintuzten, eta errepresioaz gain, gose grebari ekin genion. Ez diot egungoari garrantzia kentzen, aitzitik, areago ematen diot. Presoek eraman ibilbidea oso luze eta latza izan baita». Madrilek azken greba hau instrumentalizatu dezake eta egoeraren arabera jokatu behar da Sarasketaren iritziz: «
Gobernuak agindua eman du jarraipen estua egiteko, eta ez du inor hiltzen utziko. Edo bai. ETAk izan duen interbentzioaren aurrean interesatzen bazaio, agian bai».
MINGARRIA ZAIT AIPU HUTSA.
Begoña Sagarzazu pasaitarrak 89tik 97ra ezagutu zuen kartzela: Pontevedra, Tenerife, Jaen... 20 eguneko gose grebak ezagutu ditu, eta errepresio une larrienak orduantxe ezagutu ere. Urarekin zuen arazorik handiena pasaitarrak: «
Urak goragalea ematen zidan. Edaten nuen ura botatzen nuen. Horregatik, ez naiz gauza izan baraualdiei aurre egiteko. Beste kideekin batera ezin segitu hark kristoren amorrua ematen zidan. Gero, Jaengo espetxeko ekonomatoan izotza saltzen zuten, eta hari esker 20 egunetara iritsita nago gose greban». 43 kilotan geratzea ezagutu du Begoñak. Behin, patiora jaitsi, lagunekin hizketan hasi eta mingaina ahozapaian itsasirik geratu zitzaion. Izotz puska hartu txupatu eta hari esker eman zion buelta larrialdiari. Takikardia ere jasatea badaki zer den. Gose greba honen inguruan Bobby Sands preso errepublikar irlandarra gogora ekarria izan dela, eta euskal presoren batek haren bideari ekinen ote liokeen aipatu diogu: «
Mingarria egiten zait aipua. Badirudi presoren bat hiltzea eskatzen ari dela. Guztion gogoeta egiteko balio behar du horrek. Presoen konpromisoa izugarria da. Kalean horren erdira iritsiko bagina ez litzateke holakorik entzun beharko».
ISOLAMENDUARI AITZI EGINIK.
Geronimo Prieto hendaiarrak «Euskal Presoak Euskal Herrira» kanpaina barnean eta presoen eskubideak errespetatuak izan zitezen ekin zion gose grebari La Sante espetxean. 28 eguneko gose greba egin zuen: «
Hasieran animo handiz, segidan isolamenduan sartu ninduten, nirekin greban sartu zen kidea ezin ikusiz. Etengabeko mehatxuak jasaten genituen aurrera ez segitzeko. Medikuen segimendu zorrotza genuen. Gure osasunaren aurka ari ginela esanez». Gauaren isiltasunean lortzen zuten bi presoek komunikatzea eta elkar animatzea. Gose grebaren ondorioak nozitzen ditu egun: «
Ordurarte ahoan ez nuen arazorik izan, harrez gero hortz zenbait usteltzen hasi zaizkit. Barau egiteko baldintzak oso txarrak ziren, edaten genuen iturriko ura ez baitzen ona».
ARRITMIA LA JONQUERAN.
Garbiñe Gomez algortarra Toulonen atxilotu zuten 94an. Fleury-Merogois-en eman zituen ia bost urte. Orain bost hilabete askatu zuten Soto del Realeko kartzelan aste bat pasa ondoren: «
Nik egin ditudan barauak motzak izan dira, baina beti isolamenduan. Isolamendua erregimen normala da Frantziako kartzeletan. Hartaz, bakarrik ekiten diozu grebari. Gogoan dut, preso kidea genuen Pilar Mondragon zeldan konorte galdurik aurkitu zutela funtzionarioek. Ospitalera azkar eraman ondoren atera zen bizirik». Bost urteko kartzelaldia pasata, Guardia Zibilen esku utzi zuen polizia frantsesak La Jonquerako mugan: «
Oso gogorra zait horretaz hitz egitea. Madrilera eraman behar ninduten, baina Gironan bihotz arritmia jasan nuen. Entregatu aurretik ez nuen nire burua gose greban deklaratu, urduriak jota nengoen ordea, eta ez nuen ia ezer jan azken hilabetean. Erabat ahulduta Espainiaratu ninduten»