Parker Lewisek ez du sekula galtzen» telesail haren izpiritutik edaten du «KTM»k. Gazteen mundua islatu erritmo biziko hari narratiboa jarraiki, tarte luzeena ez da 6 minututik pasatzen.
«Harrigarria da `KTM' bezalako saio bat ETBn egotea» estaen die jendeak, betiko moldetik ateratzen baita, irudiaren tratamenduan, argiztaketan (gorri eta urdinarekin jokatuz), nahiz mamian; egin kontu: eztabaidak, kale inkestak, zinea, Internet, musika, maitasun arazoen txokoa, apain egoteko trikimailuak, eta abar. Potentzial handiko formatoa da, erreferentzitzat har litekeena, ETBn gazte saioen hutsunerik luzaroan (8 urte) egon izan ez balitz. Eta orain ohitura falta hori nabari da, bereziki gazteen parte hartzeari dagokionez. Hain zuzen, irratira aise hots egiten duten gisan, telebistara nekezago. Horren haritik, lanak izaten dituzte «Txuri beltz» solasaldian parte hartuko duten gazteak institutu eta ikastoletan atzemateko. Saiora joatekoak diren gazteak euskaraz ongi mintzatu behar dutenez, gazteen %70 Gipuzkoatik etortzen da, Bizkaitik berriz, ia %30. Nafar eta arabarrak ostera, oso gutxi. Aurretik telefonoz elkarrizketatzen dituzte, eta horrekin aurkezleak egingo dizkien galderak osatu.
RGU ekoiztetxeak 1.000 saiotik gorako eskarmentua du, hala nola, «Tele txip», «Galaktika» edota 120.000 bazkide lortu zituen «Superbat» saioa. Nerabezaroan hain ohikoa den «artalde» giro inozotik aldentzen saiatzen dira. Saioko 7 erredaktorek bazterrak harrotzen dituzte zer kontatua duten gazte ezezagunak aurkitzeko; okupak, abenturazaleak, musikariak...
«Magazinaren lehen zatia zuriagoa izaten da, 16 urte artekoei zuzendua gehiago; gero, hortik aurrerakoei begira bideratzen dugu. Izan ere, marrazki bizidunen ondotik etorrita, jakina, ezin dituzu gai batzuk segidan plazaratu» diosku Juan Luis Goitiandia «KTM»ko zuzendariak. Halaxe, 300 inkesta inguru egin dituzte, gazteek «KTM»ko zati ezberdinen balorazioa egin dezaten. Gisa horretan jakin ahal izan dute zerk funtzionatzen duen eta zerk ez. Esaterako, psikologoaren kontsultak oso harrera ona du: gazteek beren kezkak azaleratzen dizkiote psikologoari eta gaztetxoei profil psikologikoa egiten zaie.
«Piercing-ak baino ez direla ikusten eta beti sexuaz ari garela leporatzen digute. Ea lehenengo aldian minik egiten ote duen edo nire neskalaguna nola masturbatu behar ote dudan; lehengoan ere, psikologoak kondoi bat nola jarri behar den azaldu zuen, kondoian behera bi hatzak erabiliz. Ba, horiek dira hain zuzen, gazteen kezkak. Zer nahi dute galdetzea ba, gazte batek aitarekin duen hartu-emana txarra dela eta horren inguruan aritu? Gehienek bere gurasoez paso egiten dute-eta».