Gabriel Salegi izan zen La Guipuzcoanaren sortzailea 1930ean. Gerra zibilaren ondoren, bere bi autobusak kamioi bihurtu zituen eta, bere zazpi seme eta iloba baten laguntzarekin, enpresaren oinarriak finkatu zituen. La Guipuzcoanaren gaurko lehendakaria, Gabriel Salegi, 15 urterekin hasi zen lanean aitaren enpresan, kamioiak bete eta hustutzen. 18 urte zituela, kamioi astunak gidatzen zituen Bartzelonara, euskal portuetako arraina garraiatuz. 1947an erregistratu zuen Salegi familiak Transportes La Guipuzcoana izena, aro berri bati hasiera emanez.
70eko hamarkadan, negozioaren beste arlo batzuk baztertu eta enpresatako pakete-garraioan soilik aritzea erabaki zuen La Guipuzcoanak. Sortzailearen beste semeetako batek, 1929an jaiotako Esteban Salegi Odriozolak, hartu zuen erabakia. Familia jabeturik zegoen ezinbestekoa zela negozioa nazioarte mailan garatzea, eta Europa aldera zabaldu zuen bere sarea, 1993az geroztik Portugalera, Frantziako Estatura eta Beneluxera hedatuz. Euskal enpresa hau Eurodis-eko partaide ere bada. Bertan Europako 18 herrialdek eskuhartzen dute eta egunean 600.000 bidalketa inguru egiten dituzte.
Familia honen lanaren aitorpen gisa, Esteban Salegi Odriozola Euskal Enpresari Onenaren sarirako izendatua izan zen, Javier Egaña eta Pedro Luis Uriarterekin batera. Sari hori Empresa XXI, Euskadiko Kutxa eta ETBk ematen dute, eta aurtengo ekainean eman zuten. Erakunde horien iritziz, urteko enpresaririk onena Pedro Luis Uriarte izan zen, BBVko kontseilari ordezkaria. Egañak Corporación Egaña taldearen gidaritza darama.
DPrekin egin elkartze horren ondorioz sortzen den egoerari begira, Salegi Odriozola familiak oso bereziki azpimarratu du bere helburua La Guipuzcoanaren kudeaketan eta kapitalean jarraitzea dela. Baina ikusi egin beharko da etorkizunak zer dakarren eta kapitalaren gehiengoaren jabe egiteko Deutsche Postek hartzen duen erabakia zein den. Denbora lekuko