Azkar ere merkantzien garraiorako enpresa bat da, eta 1947an sortu zenetik duela gutxi arte euskal familia baten jabetzakoa zen, Lazkaoko Erauskindarrena. Familia arteko liskarren ondoriozko enpresa krisialdi larri baten eraginez, 1992an 63 urteko galiziar baten eskura igaro zen, Luis Fernandez Somozaren eskura. Ezerezetik sortu zen enpresaria zen, familia pobrekoa eta aitarik gabe hazitakoa. Igeltsero, okin, bagoi banatzaile izan zen, 17 urte zituela kamioiak bete eta hustutzen hasi zen arte. 26 urte zituenean Azkarren frankiziadun gisa jarri zen A Coruñan. 1999. urte amaieran Azkar enpresak 27.000 milioi pezetatik gora (1.080 milioi libera) fakturatzea espero du; 1995ean 14.000 milioi pezeta fakturatu zituen.
Eusebio Erauskin izan zen enpresa honen sortzailea, Beasain eta Bartzelona elkarrekin komunikatzeko. Haraino iristen ziren burdinez beteriko kamioi trakets eta deserosoak Gipuzkoatik. 30eko hamarkadako kamioi horiek izan ziren gaur egungo Azkarren jatorria. Enpresa bezala 1947an eratu zen, eta handik sei urtera, 1953an, ireki zen Lazkaoko lehen ordezkaritza. Hiru urte beranduago, Eusebio Erauskinen heriotzaren ondoren, elkarte anonimo bihurtu zen.
Hurrengo bi hamarkadetan Azkarrek hedatzen jarraitu zuen, Bartzelonan, Asturiasen, Valentzian eta Madrilen ordezkaritzak jarriz. 80ko hamarkadan finkatu zen erabat garraio enpresa gisa. Familia arteko liskarrek eta beste hainbat gorabeherak krisialdi larrian murgildu zuten enpresa 1990 urteaz geroztik, eta erabateko porrotean amiltzeko zorian egon zen. Luis Fernandez Somoza enpresari galiziarra egin zen enpresaren jabe pezeta bakar baten truke, eta berregituraketa eta eraldaketa plan bati ekin zion, 1998an burutu zuelarik. Lan horretan guztian Alberto Horcajo abokatuaren laguntza izan zuen. Abokatu hau finantza gaietan espezializatu zen 80ko hamarkadan Estatu Batuetan. Gaur egun bere kontseilari ordezkaria da. Egoera berri horren ondorio zuzena aurreko zuzendaritza guztia bere kargutik kentzea izan zen, eta plantilaren zati bat murriztea.
Enpresaren berregituraketak eta modernizazioak inbertsio handiak eskatu ditu eta eskatzen ditu oraindik ere. 1998tik 2000ra bitartean soilik, 10.000 milioi pezetatik gora inbertituko du Azkarrek. Hedatzeko bi helburu nagusi dauzka: nazioarteratzea eta logistika. Lehenengo helbururako, dagoeneko baditu hainbat harreman aurreraturik, jada sarturik dagoen Portugalez gainera, Europa osora hedatu ahal izateko. Bigarren helburuari begira, berriz, beren Aldigasa enpresa filiala sektoreko lider bihurtu nahi dute.
Azkarrek bere elkartearen egoitza nagusia Gipuzkoan edukitzen jarraitzen du, eta sektoreko enpresa garrantzitsuenetakoa da gaur egun; penintsulako bazter guztietan dago zabaldurik. 56 ordezkaritza dauzka Espainiako Estatuan eta Portugalen, 2.700 laguneko plantila, 310 ibilgailu errepideetan eta 920 bilketa eta banaketarako. Azkar konpainiak lur sailak eskuratu ditu, leku estrategikoetan eta neurri egokikoak, Madrilen, Bartzelonan (Prat de Llobregat), Granadan, Gironan eta Mallorcan. Instalazio horiek guztiak prest egongo dira 2000. urterako.
Teknologia aldetik enpresa honek baliabide aurreratuenak ditu eragiketei eta informazio sistemei aplikaturik, eta bereziki nabarmentzekoa da Bartzelona eta Valentziako instalazioetako sailkapen sistema automatizatua. Duela ia urtebete, aurtengo otsailaren lehenean, Azkar Burtsan kotizatzen hasi zen