argia.eus
INPRIMATU
HEGOAK HEGALDARAZI GAITZAN
  • Sos bilketa abiarazi du Lapurdiko irratiak Hegoaldeko udalen artean. Nahikaria, diru iturri anitzak atzematea baita. Baionako Udalak gainera, dirulaguntza luzatuko dio lehenaldikotz.
1999ko abenduaren 12a
Publizitatea ez da aski. Irrati libre izanik ere, diru publikoa du iturri nagusi. Sosen biltzeko, Pau, Bordele eta Pariserat begira jartzen dira, Eusko Jaurlaritzatik berriz, % 8 inguru jasotzen dute. Halaxe, Baionako lokala erostearen kariaz, bi ardatz nagusi dituen kanpaina iraunkorrari ekin zioten: entzuleen sustengua bilatzen zuena batetik (jada arrakastaz burutua), eta herriko etxeetara zuzendurikoa bestea, biztanle bakoitzeko libera bat jasotzea ahalbidetuko lukeena. Ondorioz, Lapurdiko 42 herriko etxeetatik 37k laguntzen dute. Baionako udalak gainera, lehenaldikotz laguntza emanen dio Gure Irratiari. Datu zinez adierazgarria, emisora hasi zenetik 18 urte iragan direlarik, laguntzak beti ukatu izan baitizkio. Beskoitzeko Udalak ere beste hainbeste egin du.
Orain, Hegoaldeko udaletara jo dute. Nahiz eta batzuen ustez, horrek eskale kutsua hartu, zenbait arrazoi dago horretarako. Alde batetik, Frantziako Estatuak euskarari ofizialtasuna eman arte, euskara kinka larrian dagoelako Iparraldean. Euskaltzaleek aldapa malkartsua dute zernahi egiteko. Bestetik, Gure Irratiaren izaera bera dugu, Euskal Herria bere osotasunean hartzen dute-eta, ikusmolde nazionala emanez, bai kontzeptuan, bai mamian, baita aipatzeko eran ere. Gauzak horrela, Hegoaldeko udal guztietara jo dute. Momentuz, 25 udalek eskaera aztertzen dihardute. Beste 11k aldiz, baietza eman diete.

«Harrigarria da Gure Irratiaren eremuaren barnean diren Hondarribia, Irun, Bera eta Lesaka arraposturik eman ez izana»
diosku Agus Hernan Gure Irratiko zuzendariak.

«Baina tira, aldaketa sakon bat somatu dugu Hegoaldeko udaletan; interes handiz hartu dute gure ekimena, baina ez diru kutxa soila izateko, zerbait sendoagoa egiteko xedez baizik. Tokian tokiko informazioa gaindituz, haien herriak irratian ezagutarazi ditzagun nahi dute» ALBERTO ELOSEGI