argia.eus
INPRIMATU
Atxuri: mantu txuriz
  • oroitgarri aunitz ikusteaz gain, Bigarren GerraKarlistaren eszenario garrantzitzuenetariko batbisitatzeko parada izan genuen, garai hartakogertaera eta tragedia imajinatuz. Aurkeztuko dizuegun ibilbide hau hasteko asmoz Urbiako leporainohurbilduko ginela erabaki genuen. Urbiako lepora igo zaitezke Zugarramurditik, Oronoz aldetik edotaguk egin genuen bezala, Etxalarko Orizkiauzoa iragan, Exkisaroi aldera doanerrepidea utzi eta Obeneako errotatikleporaino iritsi.
IƱigo Txintxurreta 2017ko azaroaren 28a
Bidearen ertzak elurrez estalirik agertzen zitzaizkigun, baina artoski gidatuz, ez genuen arazorik izan lepora iristeko. Haizparratzeko malarrean bizi diren saiak guri so zeuden eta haiek izan ziren Ibañetako lepo aldera abiatzen ikusi gintuzten bakarrak. Berehala geunden Etxeberriko ardi borda eta bere artegi handiaren alboan. Joxemiel Barandiaranek trikuharri bat aurkitu zuen borda honetatik 30 metrotara, 1949an Zugarramurdiko mendi hauetara egindako ibilaldi batean. Guk jarraitu genuen Ibañetako lepo aldera Airagarri gaineko Ipar mazela zeharkatuz. Gorago geratu zen Airagarriko iruinarri erdi eroria.
Ibañetako lepora hurrantzen ginen heinean, nabarmenago ikusten genituen bertako trikuharriaren tumulua eta ganbarako harlauzak, handienak 2 metro baino gehiago neurtzen zuelarik. Trikuharriaren alboan eta Airagarri aldera, mairuen baratzen harrizko zirkuluak zabaltzen ziren, 12 kontatu genituelarik. Zugarramurdiko artzainek otoitz egiten zuten harri zahar hauen aitzinean, beihalako usaia jarraikiz. Mairuhilarriak deitzen zietela kondatu zion Dominika Gilsuk, Zugarramurdiko andre zaharrak, Joxemiel Barandiarani. Gazte zelarik, Dominikak ere otoitz egiten zuen mairuhilarrien aurrean, etxeko artaldea larre haietara bazkatzera eramaten zuenean.
Atxuriko tontorra biziki hurbil ikusten genuen eta denbora gehiago galdu gabe brauki ekin genion patarra igotzeari. Altuera irabazten genuen ahala, bidearen alboetan eta Atxuriko tontorraren aurrean doazen zelaitxo harritsuetan, Bigarren Gerra Karlistako eraikuntzen aurrien artetik igaro ginen. Lubaki haiei beha denboran atzera jo genuen, 1873. urtera arte, eta Dantxarineatik egindako Carlos erregegaiaren sarrera ospatzeko kainoi burrunbaden ohiartzunak berriro gortu zizkiguten gure belarriak. Hiru urte beranduago, 1876an, beste motatako kainoikadak entzungo ziren Atxuri mendian, liberal eta karlisten arteko borroka garrantzitsua hemen agitu baitzen. Urte hasieran, geroxeago bisitatuko dugun Orizki mendia liberalen eskuetan erori zen. Handik bonbardatu zituzten Atxuri gotorlekutzat hartu zuten karlistak. Bi hilabete iraun zuen setioak; Irumugetako lepoa eta Usategieta okupatu ondoren, borroka lazgarri baten ostean, otsailaren 20an Alfontso XII.aren armada Atxurin sartu zen, milaka karlistarrek erbesterako bidea hartzen zuten bitartean.
Orain gure begiak Lapurdiko lautada zabalean galtzen ziren. Bestaldean, soilik bistarekin Pirinioetara irits gintezke, Gipuzkoa eta Nafarroako mendiak aurre-aurrean genituela. Hurbilago, Larrun eta Ibantelik, Atxuriren anai-arrebak ematen zuten.
Atxurik eskaintzen zigun ikusmira paregabeaz gozatu ondoren, aguro jaitsi ginen Etxalar eta Zugarramurdi lotzen zituen bide zaharra jarraitzeko asmoz. Gure asmoa Irumugetako leporaino iristea zen, handik Orizki mendira igotzeko. Etxalar, Sara eta Baztan banatzen dituen muga horretarako bidean, Soroaundiko trikuharriaren albotik igaro ginen, zutik irauten duen harlauza garbi nabarmentzen zelarik ote eta iratzearen gainetik.
Orizki alderako igoera hasi genuen. Pinuen artean hastapenean eta zonalde garbalean geroago, aise lortu genuen Orizkiko baratzetaraino iristeko behar genuen altuera. Haien harri zaharretatik, Atxuriko aurpegi zohardia ederki bisitatzen genuen. Metro bakan batzuk ibili ondoren, Orizkiko gailurrean ginen. Gerra karlistetako garaietan Zentilmendi edo Centinela deitzen zitzaion honi. Oixtian aipatu dugun bezala, gain honetatik aritu ziren liberalak Atxurin babesturik zeuden karlistarrak bonbardatzen.
Gure bidea jarraituz, Irazako lepora jaitsi ginen eta hango pistatik Etxalartik datorren errepidera atera ginen. Mundruna denbora gutxitan zapaldu genuen, Bondariena baserrira doan pista berehala hartu baikenuen. Horrela, Ezkurbi osoa zeharkatzen duen bidetik, Obenea aldera jaitsi ginen. Beherago, erreka aldera geratzen da izen bereko errota ospetsua. Orabideko bailara osoa menperatzen duen bidea jarraitu nahi bagenuen, amiñi bat igo behar genuen, Gaztanaldea baserriraino iritsiz.
Handik hurbil, pisten bidegurutze batean, Etxarteko trikuharri itzela topatu genuen. Harrigarri suertatzen da trikuharri eder eta nabarmen hau oso berandu deskubritu zela. Gainera, oraindik ezezaguna izaten da bertako auzokideentzat. Trikuharriaren xerka genbilela, Etxartea baserriko biztanleei galde egin genien eta, Ibañeta lepoko garai karlistetako hilobien berri bazuten ere —berez ez dira karlista garaiko hilobiak—, ez zekiten non kokatzen zen auzo hartako historiaurreko oroitgarria.
Etxarteako trikuharri ederretik, gorako pista hartuz eta Telletxeko Bizkarreko Hego isurialdea zeharkatuz, Etxartea baserrira iritsi ginen. Handik Urbia leporako bidea garbi markatu zitzaigun, galtzada zaharraren antza hartzen zuen harlauza zabal eta landuen bidea