Stock options» bezalako hitzak ez dira ulertzen errazak. Irakurleak nondik nora jo jakin dezan, galdera-erantzun bidezko azalpen bat egingo dugu.
Zer da «stock options»?
Zuzendarien soldata konpainia horrek burtsan dituen akzioen bilakaerari atxikita duen ordainketa sistema da. Zuzendari bakoitzak etorkizunean akzio kopuru jakin bat prezio jakin batean erosteko eskubidea du. Epea iristean, zuzendariak ezarritako prezioan eros ditzake akzioak. Irabazia erosterakoan eta saltzerakoan akzioen prezioen arteko aldea izango da. Bi urte barru txaleta erosteko eskubidea izatea bezala da, baina gaur eguneko prezioa ordaindu beharko dela jakinda. Ordainketa mota hau 50eko hamarkadatik erabiltzen da Estatu Batuetan. Pfizer enpresa farmazeutikoa izan zen sistema honen aitzindaria, 1952an bere langile guztientzako aukera plan bat eskainiz.
Norentzat izango da mozkina?
Orain arte, goi mailako zuzendari eta kontseilarientzat. Baina, Estatu Batuetan erdi mailakoengana eta langileengana zabaldu da. Intel eta Microsoften adibidez, ia langileen ehuneko ehun da enpresako akzio batzuen jabe.
Zergatik dira ezinbestekoak plan hauek hainbat enpresarentzat?
Sektore guztietan, batez ere telekomunikazioetan eta Interneteko enpresetan, geroz eta lehia handiagoa dago eta zuzendarien mugikortasuna ere oso handia da. Konpainiak ahalegin guztiak egiten ditu onenek enpresa utz ez dezaten.
Espainiako Estatuko zein enpresak erabiltzen du sistema hori?
Oraindik gutxik erabiltzen dute. IBEX-35eko enpresen erdiak eskaintzen dituzte «stock options» programak. Horien artean, BSCH, BBVA, Banesto, Bankinter, Endesa, Repsol eta Telefonica.
Enpresek derrigorrez ezagutarazi behar dituzte ordainketa mota hauek?
Orain arte ez. 1999ko azaroaz geroztik, hau da, Telefonicaren zalaparta zabaldu zenetik, bai.
Zein tratamendu fiskal dute «stock options» horiek?
Orain arte, ordainketa sistema honen onuradunek zerga abantaila handia zuten. 1998ko PFEZari buruzko legeak akzio aukera horiek ez monetazko ordainketa gisa hartzen zituen. Akzioa, gutxienez, bi urteko epean burutzen bazen, eragindako errentatzat jotzen zen eta % 30ak ez zuen zergarik ordaintzen. Azaroaren 10az geroztik, Telefonicaren iskanbilaren ondoren, egoera aldatu egin da. Diputatuen Kongresuak bi zuzenketa onetsi zituen akzio aukeren zerga tratamendua aldatuz. Errendimenduek, Espainiako zergadunen batez besteko soldata gainditzen dutenean, % 48 kotizatu beharko dute PFEZari dagokionez, eta horren azpitik geratzen badira, berriz, % 30. Erreformak atzeraeraginezko indarra du joan den urriaren 1etik aurrera