argia.eus
INPRIMATU
GOLIAT: DAVID HAZI EGIN DA
  • Madrilgo emisoren ikuspegi deformatutik alde eginez, Herri Irratia, Onda Vasca, Kosta Irratia eta Laudio Irratiak akordio bat lotu dute urtarrilean irrati proiektu berria abiarazteko.
2021eko uztailaren 19a
Entzungai ditugun emisoren artean, hirutik bik Madrilgo galbahea dute. Halaxe, goian aipatu hiru irratiek, SERekin duten kontratua urtearen hondarrean ez berritzea erabaki dute. Berriki, Herri Irratiak haien deia jaso du irrati bateratu bat egin dezaten proposatuz, emisoraren eite independientea eredugarri iruditzen zaielako. Baita Herri Irratiak onartu ere:

«Egoera politikoa dagoen moduan egonda eta txikia izanik ere, ez da txantxetako aurrerapausoa, EAE osoa hartuko baitugu. Nafarroako zenbait irratirekin ere mintzatu gara, litekeena da epe erdira zerbait lotzea arratsaldetan saioak euskaraz helarazteko. Baita Baiona eta Maulekoekin ere».
diosku Txema Auzmendi Herri Irratiko zuzendari ordeak. Oraingoz izenik ez duen lankidetza berri honetan, Herri Irratiak Gipuzkoa eta Euskal Herri mailako gaiak jorratuko dituelarik, besteen ardura Bizkaia eta Arabako informazioa lantzea izango da, beti ere bakoitzaren nortasuna atxikiz. Gainontzean, Herri Irratiaren programazioa hartuko dute oinarritzat. Egokitzapenak ere egin beharko dituzte. Kosta Irratia esaterako, irrati formula izatetik irrati orokorra izatera pasako da.
Irrati operadore pribatu honen errentagarritasuna ere aurreikusi dute, hiru publizitate esparru izango baitituzte iragarleek, nazionala, lurraldekakoa eta herri mailakoa. Bestalde, teknologia digitala erabiliko dute.

«Gurekin bat egiteko seinalea oso ongi jaso behar da. Beraz, bi eratara egin liteke: loturen bidez, baimen garestia eskuratzea eskatuko lukeena, eta bestetik, RDSI digitalizazioa dago, egokiena, primerako seinalea ematen du-eta»
.
Hitzarmen honen atzean, beste interes batzuk daudela dio hainbatek, EAJk Herri Irratia erosi nahi ote duen zurrumurrua zitalki zabalduz, Auzmendiren esanetan,

«jabeak diren jesuiten aldetik ez dago halakorik egiteko inolako asmorik»ALBERTO ELOSEGI