argia.eus
INPRIMATU
EUROPAKO EPELEAN
  • Hotza du, ordea, gustuko eta hemengo negua ere epelegia iruditzen zaio.
Jakoba Errekondo 2007ko otsailaren 21a
Elurra hankapean izan dugun honetan, neguaren ataria ezagutu dugula ezin uka. Azaroa hotza bada negua motza izaten omen da, ez al da hala izango! Honez gero badakizunez, gustukoa dut negu koloretsua; zuria, baina batez ere beltza eta gorria.
Behin baino gehiagotan aitatuak ditut hemen neguaren ezaugarrien zaleak diren makina bat landare, kamelia, azalea, ziklamena, errododendroa eta pentsamendua esaterako. Badira, gure negua epeltxoa iruditzen zaien landareak ere. Alertze europarra,

Larix decidua
, adibidez. Alertzeak hotzetan bizitzera ohitu dira, milaka urtetan zaildu eta konturatzerako moldatu eta hotzera jarri. Koniferoen familiakoa bada ere neguan hostajea botatzera ohitu da, bere gustuko bizilekuetan jelatu egingo bailitzaioke. Mundu honetako tokirik ederrena zaigun Euskal Herriko epelean bezala inon ezin dela bizi nola adierazi?
Zur preziatuenetakoa da alertzearena eta bat baino gehiago saiatu dira hemen lantzen. Alferrik baina... Gure hotzena epeltxoa da beretzako, jakinduria guztia erabilita ere ezin hazi eta pattal, eri, gure zeruan infernuan urtutzera kondenatzen dugu, guk eta gure etekin-antsiak. Alertzearen bizitzearen herioa dena, oraintxe, negu atarian da ikusgarriena. Hotz apurraren zakur-ametsean gorri, laranja jartzen da pozez. Eraman ezin honen espektakuluan Nafarroa saldu zuen Loiolakoak edo bere herria eta herritarrak erre zituen Neronek zer sentitu zuten bizi dezakegu