argia.eus
INPRIMATU
BASO HOSTOTSUA LIBURU ETA DISKOEN OIHANEAN
2021eko uztailaren 21a
Azokako antolatzaileak ez daude iraganean ainguratuta. Informazio aroaren lorratza segituz, aurten ere, eta Eroskiren babesaz, teknologia berrien aretoa apailatu baitute, ordenadore eta elektronika munduko aitzinamenduen erakusgarri izateko xedez. DVD euskarriaren onurak ondorengo urtetan baliatzen hasi arte, web guneak eta CD-ROM-a ditugu informazio aroaren puntako adierazle. 12 zentimetroko diametroa eta 15 gramoko pisua duelarik, CD-ROMak 250.000 testu orrialde baino gehiago, milaka irudi, bideo eta soinu gorde ditzake. Lehenbiziko CD-ROMa Elhuyarren eskutik heldu zen. Geroztik, euskarazko eskaintza emeki-emeki gehituz joan da, beti ere Elhuyar Kultur Elkartea bultzatzaile gailen izan delarik. Ildo horretan, bi dira Elhuyarren berrikuntza nagusiak: lehena, azokan aurkeztuko den «Jolastuz ikasi» aditz laguntzailea. Ikasle eta irakasleentzako CD-ROM honetan, indikatiboa, ahalera, subjuntiboa eta aginterako aditz-formak, 1.500 ariketatik gorako multzoa eta aditz-taulak eskaintzen dira. Bigarrena, berriki argitaratu den «Euskal Herriko soinu-tresnak» dugu, non gure musika tresna guztien egitura, erabilera, jotzeko era, diskografia eta bibliografiak eskura dauden, 250 argazki eta 20 bideo zati barne.
Era berean, Eroskiren bidez aurkeztuko da UZEIk egin CD-ROMa, «Banaketa eta kontsumoko hiztegia»ren 3. alearekin batera salduko dena. Bertan, aldizkariaren aurreko bi aleak biltzeaz gain, janari, edari eta etxeko tresna elektrikoen hiztegia dator. Halaber, litekeena da UZEIk «Sinonimoen hiztegia» CD-ROMa garaiz amaitu eta azokan aurkeztu ahal izatea.
Bestetik, berrikuntza nagusietako bat ARGIAren «Gure Mendea» dugu, mahai jokoa, liburua eta CD-ROMa biltzen dituena. Erdaraz, galderetan oinarritutako mahai joko anitz dagoen bitartean, euskaraz, deus gutxi. Gabezia horri erantzungo dio, beraz, «Gure Mendea»k. Euskarri bakoitzak funtzio pedagogiko ezberdina duela, euskal kultura modu atseginean ezagutaraztea du helburu. Aisialdirako joko aitzindari hau euskaltegi zein eskoletan erabiltzeko bereziki aproposa da. Baita bere jakituria neurtu nahi duen ororentzat ere. Adibide gisa, honako hauek dira jokoan erantzun behar diren galderetako batzuk: Nola deitzen zaio eguzkiak gehien jotzen duen aldeari? Laiotza, egutera ala eguzki-ospela. Edota zenbat jokalari daude kantxan eskubaloi partida batean? 14, 10 ala 12.


Aldizkari eta bideo franko.

Aldizkarietan aukera anitza dago. Ondorengo aldizkarien azken aleak edo ale bereziak izango dira eskuragarri: «Elkarri», «Entzun», «Napartheid»en bi ale –komunikazioa hizpide duena eta «Fanxinotekaren katalogoa»–, «Maiatz», TMEO –«Fiesta extremistas» eta «El hijo de Urdangarrana»–, «Zenbat Gara», «Idatz eta Mintz» eta «7 baietz».
Haurrei zuzendutako Ttarttaloren puzzle sorta ere hor dugu: «Biribila», «Elipsea», «Laukia», «Triangelua», «Erronboa» eta «Lauki zuzena». Edota ariketa dibertigarriak: «Pintatu, ongi pasatu eta ikasi», «Erlojua, mendia eta hiria» eta «Marraztu, begiratu eta jolastu».
Ikastolen Elkarteak testuliburuak software arruntera –PC nahiz Macintosh-en– taxutu ditu. Artea, estatistika, zientzia edo hizkuntzaren ingurukoak aurki ditzakegu. Baita joko didaktikoak ere: «Euskal alfabetoa», «Silabak eta hitzak», «Aditz trena» eta «Letra erraldoiak».
Urtzi Ihitza Sainzek eta Lemuria Elkarteak «Euskararen hiztegia», «Euskararen hiztegi esoterikoa» eta «ENC-ENK urtekaria» plazaratuko dute.
Ikus-entzunezkoen artean, Amnistiaren Aldeko Batzordeek «Euskal Herrirako oinarri demokratikoak» bideoa eramango du. Labayru ikastegiak «Txulufrina eta arrosa» aurkeztuko du. Takolo, Pirritx eta Porrotx pailazoen «Baserrian» bideoa salgai jarriko du Matxinsaltok. Ikastolen Elkarteak ere bideo andana argitaratuko du «Biblia bidean lehen urratsak» bildumaren barruan. Esaterako: «David eta Goliat aurrez aurre», «Jesusen bizitza eta mirariak», «Noeren kutxarena» eta Jabier Larrañagak eginiko «Ahoz aho» eta «Idazte espedizioa».
Lararen eskutik, ondorengo bideoak karrikaratuko dira: La cuadrillaren «Atilano presidente», Ramon Barearen «Pecata minuta», Arantza Lazkanoren «Urte ilunak», Altuna eta Esnalen «40 ezetz» eta Tabernaren «Altsasu 1936»