argia.eus
INPRIMATU
UEMA-REN URTE AMAIERAKO FESTA ETA ALDARRIA
  • Usurbilen egingo den jaialdiak emango dio amaiera aurtengo edizioari. Jai honetan euskararen berreskurapenean udalek duten garrantzia aldarrikatu nahi da.
2021eko uztailaren 19a
Aurtengoa laugarren edizioa du UEMAk (Udalerri Euskaldunen Mankomunitatea) antolatzen duen Kultur Elejirak. Kanpaina honek hiru hilabete inguruko iraupena du: urrian hasi zen eta milurtearekin batera amaituko da Usurbilen egingo den festa handi batekin.
Kultur Elejiraren helburuetako bat UEMAko kide diren udalerrietako kultur produkzioa sustatzea da. Izan ere, sendotuta dauden talde edo artistentzat izan ezik, zaila da merkaturatzea. Badira, Kultur Elejirak lau urte hauetan eginiko lanari esker, merkatu horretan leku txiki bat lortu duten artistak.
UEMAko udalerri gehienak 1.000 biztanletik beherakoak dira. Hauetan, baliabide eta esperientzia eskasagatik ez da erraza izaten kultur eskaintza egoki bati eustea. Horregatik bihurtzen da Kultur Elejiraren helburu herri hauei diru baliabideak eta antolaketarako laguntza ematea. Gipuzkoako Foru Aldunditik eta Eusko Jaurlaritzatik heldutako dirua herri hauen guztien artean banatzen da.
Kultur Elejira kudeatzen eta antolatzen lantalde bat ari da. Hauek kanpaina martxan jarri aurretik herrietan dagoen kultur ekoizpena aztertzen dute. Aurreko urteetan Kultur Elejiran parte hartu duten talde eta artistekin harremanetan jarri eta egon daitezkeen parte hartzaile berriekin hitz egin ondoren, «UEMAko Artisten Gida» kaleratzen da. 80tik gora dira gida honetan biltzen diren ekitaldi-proposamenak. Gida hau udaletxe ezberdinei banatzen zaie eta hauen esku gelditzen da herrian antolatu nahi dituzten ekitaldien aukeraketa. Aukeraketa egin ondoren antolaketa, publizitatea, ordainketak... egiteko Kultur Elejirako lantaldea izango dute ondoan.
Lau urte hauetan lortu diren emaitzak ez dira makalak: iazko edizioan 100 ekitalditik gora antolatu ziren UEMAko udalerrietan, kanpaina honi esker artista eta talde ugari eman dira ezagutzera eta herrietako eskaintza kulturalak gora egin du nabarmenki.


MILURTEKO AZKEN JAIA.

Aurten baina, badu berezitasunik Kultur Elejirak, amaiera berezia izango baitu. Jai handi batek emango dio bukaera hainbeste aipatzen den milurteko honen azken egunean. Festa erraldoi hori Usurbilen ospatuko da. UEMAren web orrian irakur daitekeenez, «

jaialdi hau burutzeko aukeratutako herria ez da itsu-itsuan egindako aukera, Usurbilek beste herriek baino bide luzeagoa urratu du euskalgintzan, eta eredu egokia izan daiteke beste askorentzat
».
Azken ekitaldi honen helburua UEMAk eta Euskal Herriko udalek euskararen berreskurapenean duten garrantzia aldarrikatzea da. Kultur Elejirako lantaldea eta Usurbilgo hainbat talde eta lagun ari da egun osoko jaia izango denaren antolaketa lanetan. Euskararen iragana eta etorkizuna batu nahi dira festa honetan egingo diren ekitaldietan.
Abenduaren 31n, goiz partean hasiko da jaialdia, Usurbilgo herriko plazan eta honen inguruan egingo den Erdi Aro giroko azokarekin. Artisauak, herri kirolak, gaztain-saltzaileak, talogileak, txistulariak, trikitilariak, bertsolariak... topatuko ditu bertara hurbiltzen den orok. Arratsaldean herri kirolak izango dira protagonista nagusia. Bertan Gipuzkoa eta Bizkaiako UEMAko bi herriren artean egingo den norgehiagoka ikusi ahal izango da. Antzoki bat ere egongo da eta bertan ipuin-kontalariek, musikariek, kantariek... hartuko dute parte. Ilunabarrean berriz, herriko tabernatan zehar trikitixaz lagundutako bertso-poteoa izango da. Antolatzaileek afari berezi bat egiteko aukera dute egunotan aztergai. Milurte berriari ongi etorria emango dioten gauerdiko kanpai hotsak ere ez dira faltako, noski.
Egun hau alaitzeko behar handirik egongo ez den arren, Imanol Urbieta musikaria eta Andoni Egaña bertsolaria bereziki jai honetarako eginiko abesti bat prestatzen ari dira