argia.eus
INPRIMATU
Tantoa
Miel Anjel Elustondo 1999ko azaroaren 28a
Orain dela bizpahiru urte «Usoa, hegan etorri zen neskatoa»ren orijinala Erein argitaletxera helarazi zuenerako Patxi Zubizarreta ez zen idazle hasi berria. Kurrikuluduna zen ordurako, esaterik baldin badago. Lizardi saria 1992an («Matias Ploff-en erabakiak»), Baporea, hurrengo urtean («48ko uda»), eta Antonio Maria Labaien 1995ean («Eztia eta ozpina»). Eta hala ere, bi orrialde «eskas» haiek ekarri zituenean Erein-en ez genion baietz esan. «

Motzegia da, luzeago beharko genuke, argitaletxean ez dugu liburu sailik zure `Usoa' horrentzat
». Eta gisako aitzakiak. Baina Patxik ez zuen dudarik. Siberia Treneko Ipuinak saila begiz joa zuen berak. Are gehiago, ordu arte beste inork Erein-en egin ez ziguna egin zuen. «Usoa» osatzen zuten bi orri «eskasak» orrialdez orrialde banatuak zekartzan, sail bereko Mariasun Landaren Alex-en maketazioaren arabera: bi orri, 32 orrialdeko egitasmo batean.
Hainbat jirabuelta eta gero, eta hainbat hilabeteren buruan, Erein-en ontzat hartu genuen Patxiren egitasmoa. Orduan, beste gogo bat gehiago azaldu zuen Patxik: Asun Balzolaren marrazkiak nahi zituen, eta Erein Asunekin harremanetan jarri baino lehen ere, idazlea hitz eginda zegoen marrazkilariarekin. Eta, horrela, prozesu luuuze baten buruan, «Usoa, hegan etorri zen neskatoa» argitaratu zen. Aurten, hain zuzen ere. Liburu bat, ederretan eder, hala testuz nola marrazkiz zein edizioz, sari handietara hautagai, euskara ez beste hizkuntzetan ere irakurgai bikain, eta film bihurturik ere ikusiko duguna.
Argitaletxea bere bidean mugiarazi zuen idazlearen fedea zertan den erakutsi digun produktu kalitatez gainezkakoa da harrezkero ene baitan «Usoa, hegan etorri zen neskatoa»