Gure mendeak aurki esango digu agur. Kamerek osorik irudietan hartu izan duten lehen gizaldia, non atsegina nahiz bihozmina berdinki tartekatu diren. Batetik, asmakuntza mediku eta lorpen zientifikoak izan ditu ezaugarri, gure bizi kalitatea nabarmenki hobetuz. Bestetik, XX. mendean triskantza eta eritasunek usu erasan digute, bi Mundu Gerrak, Gerra Zibila eta Hiesa lekuko. Ez da egiteko makala beraz, gure gizaldi osoa ordubetean laburbiltzea. Makina bat gertaera baztertu mamitsuenak hautatzeko. Baina eginbide horretan, zer da garrantzitsua eta zer ez hainbeste? Hor dago koska.
Halaxe, Fermin Ayo, Oscar Epelde, eta Cesar Sabaliak lanari gogo biziz ekin diote, historia aholkulari gisa Alberto Letona dutela. Koordinatzailea Carmen Baroja izan da, eta ekoizleak berriz, Gurutze Lizarralde eta Joserra Plaza. Irudiak lortzeko FORTAk (Telebista autonomikoen elkarteak) Reuters agentziari erosi dion artxibo oparoa erabili dute, orora 40 ordutik gorako materiala eta 3.800 berri biltzen dituena, baita ETBko artxiboa ere.
Emaitza, ordubete inguruko bi saio dira. Euskarazko laburpenean hiru lagun baino ez dira solastuko Jose Mari Iriondok egin dituen elkarrizketen bidez: Maria Bengoetxea ermuarra, Berastegiko Joxe Azpiroz eta Ramon Labaien tolosarra. Halaber, Iriondok gidari lanak egingo ditu, gai guztiak ikutuz, aipatu hiru lagunen ikusmolde pertsonaletik baina, irudiak pasadizoen neurrira egokituz.
Gaztelerazkoa berriz, orokorragoa da. Munta handiko jazoeren kontura, elkarrizketatuak beste molde batekoak izango dira, adituak gehiago, gertaeren azterketa egiteari atxikiak. Besteak beste, Garcia Cortazar, Manu Leginetxe, Javier Sadaba eta Nestor Basterretxea historia, politika eta kulturaz mintzatuko dira.
Zazpi atal garrantzitsu bereizi dituzte: historia eta politika, osasuna, zientzia eta teknologia, humanitatea, ekonomia, artea eta ingurugiroa. Atal bakoitza halaber, 47 azpiatalez osatua dago, historiako gertaera aipagarrienen berri emateko, hala nola, errusiar iraultza, exodo urbanoa, Errepublika, garraiobideen garapena, penizilinaren asmakuntza, 1929ko «Crack»a, edo ilargian lurrartzea. Ingurugiroaren atalean kasu, baso eta oihanen galeraz ariko dira. Historia eta politikan aldiz, Espainiako Gerra Zibila eta II. Mundu Gerraz.
GERRA GEHIEGI.
Errazena XX. mendeko liburu bat hartu eta laburpena egitea zen,
«baina ez genuen hori egin nahi, horrek dena baldintzatzen dizulako. Beraz, lantaldea elkartu eta denon artean XX. mendeaz genituen oroitzapenak gogora ekarri genituen. Oroitzen genuen oro bota genuen eta ondoren, gaika sailkatu. 200 bat gertakari atera ziren. Horrela hasi ginen atal eta azpiataletan banatzen» diosku Ferminek. Era berean, ez dute orden kronologikorik jarraitu, nahiago izan baitute dena gaika sailkatu, zerikusia zuten gaiak kontrastean jartzeko. Laburtzeko ahalmen hori gogorra egin zaie zenbait gairen inguruan;
«adibidez, minutu bakar batean, zinemaren historia hastapenetik gaur egun arte laburtu behar izatea, arte izatetik industria bilakatu arteko prozesu hori. Eta ziztu bizian bada ere, euskal zinemaren berri ere eman dugu».
Reuterseko artxiboa behatzen, irudi hunkigarri franko izan dute begien aurrean.
«Esaterako, Bigarren Mundu Gerrako irudi asko dago oiloipurdia jartzeko modukoa. Hala ere, irudiak bezain zirraragarria jendeak bataila batean parte hartu eta gero azaltzen duena da. Kontuak atera, 3.800 berri bata bestearen atzetik ikusita, dena estatistika bisual hutsa bihurtzen zaizu». Hobekien mantendu diren irudiak, 1963tik gorakoak dira, urte hartan hasi baitziren kolorezko irudiak gordetzen. Jasota dagoen zaharrena ostera, 1896koa da, Nicolas Zaharraren koroatzea egin zenekoa. Titanic-en irudiak, Hindenberg zepelina, errusiar eta Kubako iraultzak edo Hego Amerikako estatu kolpeak ere ez dira falta irudiotan.
Musikari dagokionez, mendean gaindi sortu den doinu ezberdinak izango dira entzungai irudiei kontrastea eman diezaieten.
GARAILEEN BERTSIOA.
Egindako lanaren ondorio gisa, Ferminek garbi dauka
«zeharo zaila dela betiko ikuspuntua ez ematea, nahiz eta jakin badakigun historia garaileek idatzia dela; berauek hautatu dituzte titularrak eta aldeko bertsioa, egia oso maiz lurperatuz edo gezurtzat joz. Hori da pena gehien ematen didana. Ideala, planteamendu alternatibo bat eskaintzea litzateke. Zoritxarrez, egiturak berak eskatzen dizu bertsio ofizialari lotzea. Baina tira, badira beste irtenbideak; Gunter Grass Nobel saridunak «Nire mendea» liburuan egin duena horren adierazgarri da, gizaldi honen kontaketa egin baitu, baina galtzaileen ikuspuntutik begiratuta. Beraz, ez da ezinezkoa; irudien faltan elkarrizketen bidez oreka genezake hori; jakina, denbora gehiago beharko genuke hori taxuz prestatzeko».
Itxura batean, medikuntzako aurrerapenei esker, XXI. mendean, herrialde garatuetako gizaki andana 120 urte bizitzera iritsiko da. Horren arabera, oso litekeena da lerro hauek irakurriko dituen baten bat XXII. mendearen lekuko izatea. Guk ez bezala, gerren amaiera eta aberastasunaren egiazko banaketa ikusiko ahal ditu! Tamalez, beldur gara gizakia dela iraganetik ikasten ez duen ugaztun bakarra