argia.eus
INPRIMATU
INPUNITATEAK
Pello Zubiria Kamino @pellozubiria 1999ko azaroaren 28a
Inpunitate hitza ez da euskara: ez dut aurkitu Hiztegi Entziklopedikoan. Euskara-gaztelania hiztegi batean zigorgabetasuna ipini dute itzulpen moduan. Eta ez da hori bakarrik. Inpunitatea da duela zortzi urte gezur bat plazan zabaldu, urteek bai gezurra barreiatu zutenei eta bai egiatzat sinetsi zutenei gezur hutsa zela erakutsi, hala ere gezurrak oraindik funtzionatu, eta gezurtiari ezer ez gertatzea.
Merkatu eta konpetentzia den mundu honetan dabilenetako bat seguru dagoenean eskaintzen dituen ideia, proiektu eta salgaiak –dauden beste batzuekin konpetitzean– beren balio edo ezaugarri teknikoengatik bakarrik juzgatuak izango ez direla, eta jokaldia irabazi ondoan agindutakoa bete gabe ere ondorio larririk jasango ez duela dakienean, hori ere inpunitatea da.
Besteren diruak, ahalmenak, indarrak eta inkluso sufrimendua, horiek guztiak xahutu, eta martxan jarritakoak porrot eginda ere promotoreak agintean segitzen duenean, inpunitatean bizi da.
Batek, beltza produzitu ala zuria, esan duena egia suertatu edo gezurra, hitzeman duena bete ala ez, iragarri duena gertatu nahiz ez, saldu duenak funtzionatu edo ez... bat horrek, edozer suertatu izanda ere, manatzen segitzeko segurtasuna duenean, hori inpunitatean bizi da.

KONTROLIK
gabe agintzeari dagokio inpunitatea; emaitzen kontrolik gabe agintzeari, zehazkiago. Ziur dago inpunea indarra ematen dioten iturriak (ospea, dirua, posizioa, kargua...) egindako oker eta pettoen emaitzek eta ondorioek ez dizkiotela itxiko. Eta berdin gerta daiteke erakunde handian edo talde txikian.
Ezagutzen ditugun inpunitateak ideia handiz beztituak daude gehienetan. Eztabaidaezinak diren asmo handien gainean eraikiak. Apez eta sermolariek garantizatuak.
Inpunitateak burrunba handia behar du bere inguruan, eztabaida handiak xehetasun koxkorren bueltan... Eta isiltasun osoa, irmoa, etenik gabea, benetako hiruzpalau gai funtsezkoen gainean.
Ideia handi baten mesedetan lanean txintxo ari diren morroien isiltasuna, batetik. Beti dago aitzakiaren bat kontsolatzeko; edo isiltasuna heldutasun eta errespontsabilitate ariketa bihurtzen duen helburu garrantzitsuren bat. Konplizeen isiltasuna ere inportantea da. Klabea. Eta beste aldetik, okerra ikusi baina «uf, hau mundu petrala» esanda beste aldera erreparatu nahiago duten lekuko interesatuen isiltasuna. Aitortu gabeko beldurrak estali nahiko lituzketenen mututasuna.
Bitartean, zarataren erdian, isilik, borondate oneko jendeen oharkabean, inpuneak bere negozioa egingo dizu. Hola omen zen aita Balentinek kontatzen zituen garaietan, hola ikusi genuen gero, eta hola dakusagu gaur.

HARROTU
egiten da inpunitatean bizi dena. Lotsa galduko dizu beretik jokatzen ari ez dela seguru dagoen inpuneak. Puztu egin da. Beldurra galdu du: aspaldi ezer gertatu ez zaionez, sekula gertatuko ez zaiolakoan.
Usteldu egiten da norbera inpunitatean jardunez. Ingurua usteltzen du. Ustelkeria da inpunitatearen marka ikusten nekeza.
Errukia ere (izan badu) ahaztua du inpuneak. Gaixo eroriak! Ai, bulegotik behatzez seinalatutako gizajoak! Gizatasunak ihes egin dio beldurrarekin batera.
Gauzen neurria zein den galtzera iritsi daiteke inpunitatean bizi dena bere dejenerazioan. Errukirik ezatik ahularekiko sadismora. Harrokeriatik mozkorrera. Hainbeste puztu beharrez, erotzera. Beldurra galtzearen poderioz itsutzera.

INPUNITATE
giroak esplikatzen du munduko egitura politiko, sozial eta kulturaletan ikus daitekeen hainbat bizio; eta horien kontra borrokatu behar du lotsa duen edozein herritarrek.
Baina historiak kondenatuta gintuen zulotik burua jaso nahian gabiltzanean, Euskal Herriko egitura politiko, sozial eta kulturaletan, inpunitate giroa hilgarria gerta daiteke.
Inpunitatea injustoa da. Gizartearekiko. Inguruarekiko. Herriarekiko. Pertsonekiko. Inmorala da.
Baina frenu ere badira inpunitateak aurrerapenerako. Euskal Herria bezalako herri txiki batentzako, hipoteka. Proiektua inefikazian hondoratuko dizute. Egitura ahuldu. Ideia handia antzutu egingo dizute.
Gezur, beldur eta isiltasunez ondo babesturik gizentzen dira kantzerrak