Irakurzaletasunak asko gauzka kezkaturik. Ezak, noski. Gero eta handiagoak dira hainbat esparrutatik egiten diren ahaleginak. Idazleen Elkarteak aztergai du liburuarekiko atxikimendu urria. Administrazioa ere kanpaina bat burutzen hasi berria da. Eskolak eta Unibertsitateak ere zaletasunik eza detektatu egin dute, eta saiatuko dira, nik uste, konponbidea jartzen.
Askotariko arrazoiak aipatu izan dira haur, gazte eta nagusiek gero eta irakurzaletasun apalagoa erakus dezagun. Telebista da beti lehenik aipatzen den arrazoia. Eta egia da erakargarria zaigula kutxa hori, eginahalarik ez duela eskatzen haren aurrean begia jartzeak, eta denok oso nekaturik iristen garela etxera. Euskarri berrien iritsiera ere beti aipatzen da. Ordenagailuz, sarez eta Internetez beteriko mundu honetan, liburua astun, hil, geratzen zaigu eskuen artean. Nire adiskide bat entziklopediak saltzetik kafe-makinak jartzera pasa zen CD-ROM hitza estrainekoz entzun zuen egun beretik. Eta saltzaileak ez dira txorakeriatan ibiltzen.
IRUDITZEN zait ordea, badela arrazoi bat ia inork aipatzen ez duena eta irakurzaletasunik ezaren oinarrietan dagoena. Osasunaren gizartean bizi gara. Hainbesteko garrantzia ematen diogu osasunari –izan ere apur bat badu, baina ez hainbeste– non ia inor ez den luzarorako gaisotzen umetan behintzat. Izenez ere eder ziren gaisotasun haiek galtzera egin dute. Non dira kukutxeztula, pleuresia, tifus sukarrak, garitxu sendagaitz eta erlakistan atorranteak? Hazi-minik ere ez dute izaten oraingo umeek, hazi, gu baino gehiago hazten badira ere.
Umetan gaisoaldi luze samar bat igaro izanak bihurtzen du askotan pertsona irakurzale. Ohean egon beharrak, lehen egunetako minak baretu ondoren behintzat, zerbait egin nahi izatera garamatza, eta egoera hortan bihurtzen zaigu liburua lagun. Tajuzko gaisoaldi bat ume denei komeni zaie, irakurzale izan daitezen nahi badugu behintzat. Umetan jasandako tajuzko gaisoaldien ondorio dira irakurle asko. Eta irakurleetan asko dira gerora sortzaile. Juan Garzia Garmendiak –asma ez da gaisotasunik txarrena sormenerako– eta Unai Iturriagak ere badute zerbait amankomunean. Neuk, berrogei egunetako ohealdi bati zor diot «Nani eta Mani», «Moby Dick» edo «Corazon» irakurri izana. Eta oraintsu frogatu ahal izan dut oso gertutik, otitis xume bat aski dela jendeak irakurtzeko ohiturari ekin diezaion.
OSASUN ona oztoparri jotzen dudan heinean jotzen dut galgarri autoa ere irakurtzeko ohiturei dagokienean. Askotan aitortu izan dut autobusean egin nintzela ni bertsolari. Garraio publikoak abantaila handiak ditu. Trena eta autobusa dira etxetik kanpora denbora «galtzea» ahalbideratzen diguten toki bakarretakoak. Baina egun, oso gaztetatik norberak du bere autoa, eta hura erabiltzen du edozein atzera-aurreratarako, baita aitari trenez etor zedin erregutzen zion mutiko nerabetu hark ere. Irakurzaletasunaren kaltetan. Zoritxarrez, gaurko gazteek gehien eta irrika handienez irakurtzen dutena –«Marca» salbu– auto-eskolako test liburua da.
Eta azkenik, bada beste faktore bat garrantzitsua nire ustez. Egunkaria irakurtzeko ohiturarena. Jakin berri dut etxe askotan ez dela egunkaririk hartzeko ohiturarik. Pentsatzen jarriz gero normala da: irratiz, telebistaz nahiz teletextoz ere iristen zaizkigu eguneroko berriak. Baina nik beti nahiago izan dut periodikua gosaldu, kafesnea gailetekin hartu baino. Biak izatea da egoerarik onena, baina bakarra kentzera ez nuke egunkaria kenduko. Eta egunkaria ere irakurtzeko ohiturarik ez duenak nekez hartuko du liburua eskuetan