Iñigo Segurola nekazaritza ingeniari teknikoa da Espainian. Eta Europan paisajista, Edinburgon egin baitzituen ikasketak. Espainian «
paisajistak oraindik mamuak» dira, ez baitago goi mailako ikasketarik. Irunen dago lorategien diseinua erakusten duen eskola bakarra. Baina gobernuak ez du babesten. Ingeniari eta biologo askok egiten du paisajistaren lana egun. Segurola buru duen Lur Paisajistak enpresak parke eta lorategien proiektuak burutzen ditu, mantenurako enpresei zerbitzu teknikoa eskaini eta gero obra zuzendaritza eginez. Hortik aurrerakoak, kontratatutako enpresek egiten dituzte. Udaletarako lan egiten dute gehien, baina partikularrentzat ere gero eta gehiago.
Berdegune bat egiterakoan bertan dagoen geologia, ekologia eta landareen antolamendua aztertu behar da, «
ikusten jakin behar da, leku bakoitzari dagokiona aukeratzeko». Profesio bat ez dagoelako hain zuzen, pot-pourrira jotzen da, milaka espezie nahastuz, eta kolore deigarriekin –zuria, urdina, gorria– arreta deituz. Baina paisajistak bizirik dauden elementuekin lan egiten du: denboran aldatuko direnekin, hain zuzen. Segurolak dioenez, landareri espontaneoak milaka aukera eskaintzen ditu, «
Iruñea bidean adibidez, mitxola pila bat daude. Hauek parke ekologiko bat egiteko aukera eskaintzen dute: ureztapenik gabe, mozketarik gabe... Beti ere jakinda urteko zenbait garaitan itxura ezberdina dutela. Itxura horrekin ere polita jartzea da erronka eta guztion kontzientziazioa eskatzen du».
Hildo honetatik dator arkitekto eta paisajisten arteko tirabira. Arkitektoek eraikin bat amaitzean, gain-behera dator. Paisajistaren kasuan ostera, alderantziz, «
landatutako makil txikia, gero zuhaitz bihurtzen da». Horregatik arkitekto batek parkeak diseinatzean «
altzariek, bideek eta argiztapenak izango dute aurrekontuaren % 80, eta landareek % 10a». Arkitektoek aurrekontuko portzentaiaren arabera irabazten dute dirua. Material gogorra biguna baino garestiagoa bada ere. Bigunaren mantenua, ordea, garestiagoa. Bi muturren arteko oreka bilatzea nahitanahiezkoa da, «
parkeak landareentzat baitira, eta sarri eurentzat ez da dirurik iristen»