argia.eus
INPRIMATU
HISTORIAK LANDATUTAKOAK
Izaskun Jauregi 1999ko azaroaren 21
Loreak, zuhaitzak eta zuhaixkak izateaz gain, Gasteizko lau parkek mendeetan jasotako oroitzapenak dituzte bazterretan gordeta. La Florida parkea da guztietan bereziena. 1820an hasi zen parke honen historia. Lehenengo, orain kioskoa dagoen lekua egokitu zuten Angel Chávarri udal ingeniariaren agindupean. Urtebete beranduago iritsi ziren bertara Theudio, Liuva, Ataulfo eta Sigerico, errege godoen estatuak. Guztien artean 12.880 kiloko pisua zuten. Eta Madrilgo Errege Jauregiko sototik ekarri zituzten, Carlos IIIak ez zituelako gustuko. 1855ean egin zen parkearen zabalkuntza, udalak Santa Klarako komentua bereganatu ondoren. Komentua bota eta Ramiro de Maeztu Institutua eraiki zen bertan beranduago, egun Euskal Parlamentua dena. La Florida frantziar lorategien ezaugarri erromantiko eta errefinatuen erara dago diseinatua. Horixe zegoen modan XIX.mende erdialdean. 32.354 metro karratuetan 95 zuhaitz eta 79 zuhaixka ezberdin dago bertan.
El Pradoko berdegunea gutxienez XII.mendetik dago Gasteizen. Hasieran, etxeko abereak bazkatzeko landatu gabeko eremua zen. 1820an hasi ziren bertan zuhaitzak landatzen eta hamaika urte beranduago eremu guztia itxi zuten, abereak sar ez zitezen. Urte askotan zehar El Prado utzita egon da. 1957an patinaje pista bat egin zen bertan. Baina 1975arte ez ziren bideak, argiztapena eta taberna egin bertan. Garai horretan eraiki zen baita ere «Adarraren» iturria.
Cervantes pasealekuaren amaieran kokatua dagoen El Mineral parkean ia ez da inor ibiltzen egun. Baina garai hobeak bizi izan ditu. XVIII. menderako ospetsua zen, bertan kokatutako iturri mineral batek ur hidrogeno-sulfurosoa zuelako. 1819an udalak ur-zulo bat eta harrizko eserlekuez inguratutako plaza txikia eraiki zuen. XIX. mendeko lehen laurdenean gaixo ugari joaten zen bertara ura edatera edo bainuak hartzera.
Judimendi parkea Gasteizko juduen elkartearen kanposantua zen. Juduen Elkarteak Gasteizi eman zion XV. mendean, Errege Katolikoek 1492ean ezarritako juduen kanporaketa garaian. Baldintza bakarra jarri zioten Gasteizi: betirako abereen larrerako erabiltzea. Mendeetan zehar utzita egon zen eta area ateratzeko indusketak jasan behar izan zituen. Horregatik hildakoen arrasto ugari agertu zen. Baionan zegoen kontsistorio israeldarrak gutun bat bidali zuen Gasteiza, konpromisoa gogoraraziz. 1952an udaletxeak Baionako kontsistorio juduarekin sinatutako akordio baten bidez, Gasteiz konpromisotik libre gelditu zen. Ordutik parkearen estetika aldatu da: eserlekuak, kirol eremuak eta haurren jolaslekuak sortuz