Ezezaguna da. Euskal Herriko... ez dakit oso ondo nola deitu, zuhaitza ala zuhaiska... Eta berezia denez arbola deituko diogu... Euskal Herriko arbolen artean berezia, ezezaguna eta era berean ondoan dabilkionarekin eskuzabala, oparoa. Ospagarria da bai gurbitza edo bestela esanda,
Arbutus unedo.
Ezezaguna da. Ezezaguna da eta berak adina izen gutxik izango dute: gurbitsa, gurbisa, gurbiskia, gurguskia, gurbitxa, gurpitza, kurpitsa, kurpitia, kurpitza, gurbiza, gurguxia, gurguxa, kurkusa, kurkutsa, kulubiza, burbutxa, burbuza, burbiza, burgiza, burguxa, kaudana, kandana, aniamania, animania, gurbistondo.
Ezezaguna da. Pertsona hotzen modukoa izaki jelate handietatik urrun, itsasoa edo errioetako epelari begira dauden ibarretan bizi da. Ibarretako malkarretan irauten du, inondik inora etekin egokirik ematen ez duelakoan sistematikoki eraitsia eta pendiz eta aldapa ustez antzuetara baztertua izandu da beti.
Ezezaguna da. Berak, isil isilik eman egiten ordea... Udazkenero udazkenero, orkatila parean preskura sartzen denaren aitzakiarekin tabernatako ateak ixten hasten diren urte garaian fruitu bitxia heltzen du. Heldu, ondu gutxi ontzen baitzaizkio eta umatu... umatu bakarren bat!