argia.eus
INPRIMATU
ZIENTZIA FIKZIOA EZ DELAKO
  • Zientziak zerbait abstraktoa izateari utzi dio Elhuyarren irratsaioetan: hala Euskadi Irratiko «Norteko ferrokarrila»n nola Euskal Herriko sei irratitan entzungai dagoen saio atseginean.
2021eko uztailaren 19a
Azkenaldian, zientziari buruzko jakinmina nabarmenki igo da gizartean. 2000. urtea ate joka dugularik, gero eta irrati gehiagok antzeman dute zientzia eta teknologia hizpide hartzeko beharra. Txanpa hori profitatuz, Elhuyar Kultur Elkarteak irratiekiko harremanak sendotu eta ugaritu egin ditu. Halaxe, «Norteko ferrokarrila» zientziaren dibulgazioari eskainitako saioa abiarazi zuten Euskadi Irratian, hiru urteren buruan emititzen segitzen dutena. Ekimen hau ordea, ez da jendearen jakinahia asetzeko sortu, 1980 hamarkadaren erdialdetik hona, Elhuyar irratiekin lankidetzan aritu izan baita zientzia eta teknologiari buruzko informazioa ezagutarazteko gisan. Hastapenetik, lankidetza hauek beste emankizunen barruan egin izan dira, magazin modukoen barnean eskuarki; Euskadi Irrati zein Egin Irratian egin zirenak, kasu. Elhuyar kide batek aktualitateak emaniko berriak modu arin eta informal batean zabaltzen zituen, gaiaren hautaketa ere Elhuyar kideen esku zegoelarik.
Berriki, zientzia eta teknologia berrien inguruko saio laburra apailatu dute Euskal Herriko 6 irratitan astean behin emateko, hots: Euskal Herria Irratia, Herri Irratia, Bilbo Hiria Irratia, Hala Bedi Irratia eta Gure Irratian. Lankidetza honen xedea, zientzia munduan sortzen den berri oro euskaraz ematea da, 5 minutuko elkarrizketa, erreportaje eta berri laburren bidez, guztia musika eta bitxikeriez lagundurik. Gisa horretan, Euskal Herrian gaindiko irratietan ordu laurdeneko saioa entzuten ahal da astero. Emankizunaren ardura osoa Elhuyarrek du bere gain, informazio bilketa eta lanketa, harremanak irratiekin, baita erredaktoreen lana nahiz esatarien grabazioa ere. Halaber, Euskadi Irratiko «Lauretan Babel» irratsaioan 10 minutuko kolaborazioa dago Elhuyarren eskutik, astearte, asteazken eta ostegunetan hain zuzen ere

ALBERTO ELOSEGI