argia.eus
INPRIMATU
UHINETAKO KON-TIKIAN BIDAIDE
1999ko azaroaren 07a
Entzuleen kexu eskutitzak heltzen ari zaizkio Iñigo Camino RE-ko zuzendariari, saioa lehengo ordutegian jar dezaten eskatuz. Kontuak kontu, Roge bilbotarrak hobekien egiten dakien horretan segitzen du: aldez aurretik gonbidatuekin kutunki mintzatzen, eta horren arabera galderak apailatzen. Bere esanetan

«hasieran komeriak izaten nituen gonbidatuak atzemateko; pixkanaka ordea, agenda izugarri loditzen joan da»
. Bere burua turistatzat duen Rogek bidaiariak miresten ditu

«ingurugiro eta jendearekin bat egiten dutelako. Jende xume eta gartsua da, jakinmin asezina duena. Bidaideak bidean topatzen dituzte, bakarrik bidaiatzeak bertakoekin nahastera behartzen baititu. Turistak berriz dokumental bat ikusten ari bailitzan dakusa dena»
.
Jende artean bada aurreiritzi bat bidaiarien kontura,

«ahal banu, ni ere joango nintzateke»
dioena; pribilegiatuak direla, alegia. Roge ez dago horrekin ados

«ilusioa baino gehiago ausardia behar da dena uzteko. Jorge Sanchez bidaiariak esaterako, 150. 000 pezetekin ekin zion bere munduko itzuliari. Hondarribiko Santi, Mayi eta beren bi semeek belauntzi batean itsaso guztiak zeharkatu dituzte, herrialde aberatsetan lan eginez, gero herrialde txiroetan gastatzeko. Orain, 16 urteren buruan, 2000. urtean bueltatu egingo dira»
. Beste batzuk ez dira sekula itzultzen; Puerto Bermudezen dagoen Jesus Lopez de Dicastillo nafarra kasu, Amazoniako oihan erdian Humboldt aterpe kulturala egin duena.

«Duela 15 urte elkarrizketatu eta harrituta utzi ninduen, `bomba' bat da»
. Roge urtetan ibili da bere eredua den Julio Villar ekarri nahian, baita azkenean lortu ere. Bere betiko irrika halaber, Kon-Tiki espedizioko Thor Heyerdahl norvegiarra saiora gonbidatzea da.

«85 urte ditu eta Tenerifen bizi da. Saiatu ere egin naiz, baina tematu gabe, ez zait molestatzea gustatzen-eta»MONIKA DEL VALLE