Nola oroitzen duzu Mixel Labegerie?Ahal handiko gizon bat bezala, elearen aldetik lehenik: bai euskaraz bai frantsesez ederki mintzo zen. Gizon ona, ez zen «makiñona» edo tratularia. Bi Mixel Labegerie gogoratzen ditut: poeta eta politika gizona. Bizitzaren lehen aldian euskal kulturan murgildurik bizi izan zen, bigarrenean, berriz, politikan. Politika bere tripetan zeraman, politika behar zuen.
Politiko gisa kritikatua edonola ere.
Frantses politikan sartu zen eta administrazioaren karga izugarria izaki... Liburua egiteko elekatu ditudan ia denak, Jakes Abeberrik salbu, beste guztiek abertzaletasunerako gizon baikortzat joa izan da.
Liburua idatzi ondoren hari buruz ezagutzen ez zenuen zerbait aurkitu ote duzu?
Harritua gelditu naiz gazte zelarik erabili zituen kultur lanekin: kantagintzan, bertsolaritzan eta, oro har, euskal kulturan murgilduta ibili zen. Atzeman dut ere Piarres Lafitte baten eragina. Une batez, Ibarnegaray zen hemengo politiko nagusia, arras frantsesa eta eskuin muturrekoa. Lafitteren adiskidantzaren ondotik, Labegeriek gizartea politikoki eta sozialki erdiratu zuen. Urrats handi bat izan zen.
Egungo gazteek ezagutzen dute Mixel Labegerie?
Gutti ezagutua da. Badakizu, Enbata-tik baztertu zenean traidoretzat hartu zuten. Alta –euskararen aldeko Korrika ekitaldian bezala–, Mixelek aberrigintzaren kilometro haietan lekukoa eraman zuen. Gehiago eraman ote zuen? Baliteke. Mixelen ekarpena gabe, ez euskal abertzaletasuna ez Enbata ezagutuko ziren maila berean alta; ezta Hegoaldean ere. «Gazteri berria» kantuak eragin izugarri izan zuen han.
Zein asmorekin burutu duzu liburua eta zein Labegerierekin geratzen zara?
Euskal Kultur Erakundeak eta Elkarlanean etxeak galdaturik egina dut, bestela nik nihaurek ez nuen eginen. Egin behar nuen eta entseatu naiz gizona ez edertzera ez tipitzera. Ni herriarengandik hurbil egon zen gizon harekin gelditzen naiz eta konprenitzen dut ere Frantziako senatuan bere burua aurkitu zuen Mixelekin. Kontradikzioak dira, bizitza bezala alabaina. Egun bizi balitz, Kanboko auzapeza, kontseilari eta senatorea izanen zen eta euskaltasunari atxikia, nik uste